Pilota egokituko txapelketa aurkeztu dute Idiazabalen
Gipuzkoako XIII. Euskal Pilota Egokituko txapelketa Idiazabalen hasiko da larunbat honetan. Parte hartzaileen artean bi goierritar izango dira, Arratibel ataundarra eta Elkoro beasaindarra.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/01/image00007-copia.jpg)
Larunbat honetan emango zaio hasiera Gipuzkoako XIII. Euskal Pilota Egokituko txapelketari Idiazabalen. Hala eman dute jakitera gaur goizean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan egin den aurkezpenean. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatu du txapelketa beste behin, Gipuzkoako Pilota Federazioaren, kirol elkarteen eta hainbat udalen laguntzarekin. Mikel Merino Kirol Egokituen Federazioko kideak esan duenez, «inoizko parte hartzerik handiena» izango du aurten txapelketak; 30 pilotarik hartuko baitute parte guztira.
Txapelketa bi kategoriatan jokatuko da: «Adimen urritasuna eta gurpildun aulkian», buruz buru eta bikoteka. Guztira zortzi saio izango dira: Idiazabalen (etzi), Billabonan (urtarrilak 18), Araman (otsailak 24), Oñatin (martxoak 18), Zarautzen (apirilak 1), Donostian (apirilak 22), Mutrikun (apirilak 29) eta Tolosan (maiatzak 20). Buruz buruko finala Oñatin jokatuko da eta bikotekakoa Tolosan.
Bi goierritar 30en artean
Parte hartuko duten 30 pilotarien artean bi goierritar izango dira: Josu Arratibel ataundarra, adimen urritasuna kategorian, eta German Elkoro gurpildun aulkiarenean. Biak ala biak Idiazabalgo kanporaketan parte hartuko dute larunbatean.