Goierriko sagardotegiek iaz baino ekoizpen txikiagoarekin hasiko dute txotxeko sasoia
Joseba Beloki txirrindulari ohiak zabaldu du ziriko denboraldia ofizialki, gaur, Ataunen. Sagar uzta txarrak baldintzatu du ekoizpena. Sagardoa alkohol gehiagorekin eta koloretsuagoa etorri da.
Goierriko bost dolare sagardotegiek gaur irudikatu dute 2023ko txotxeko denboraldiaren hasiera. Goitur turismo garapen agentziak antolatuta, Ataungo Urbitarten elkartu dira ekoizleak. Iazko sagar uzta kaxkarra ibili da hitzetik hortzera denen artean. Oro har, hirutik bat besterik ez dute eman aurten bertako sagastiek, eta kanpotik ekarri behar izan dute fruta. Ondorioz, ekoizpena ere txikiagoa geratu da, iazkoaren erdia, gutxi-asko.
Sagardotegi batzuek dagoeneko martxan daukate ziriko eskaintza. Abenduan ireki zituzten Legorretako Begiristain eta Ordiziako Tximista. Ataungo Urbietak bihar (urtarrilak 13) hasiko du txotxa, lehen aldiz bertsolarien eta trikitilarien saiorik gabe. Altzagako Olagik ere asteburuan ekingo dio sagardotegiko funtzionamenduari. Zeraingo Oihartek, azkenik, urtarrilaren 20an egingo du irekiera afaria, Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
Goiturrek Joseba Beloki txirrindulari ohia (Lazkao, 1973) gonbidatu du gaur Goierriko txotxeko sasoia zabaltzeko. Ohore handiz hartu du deia, eta aitona Ergoiena auzokoa bertakoa zuela kontatu du. “Lagunekin ere pare bat aldiz izanda nago sagardotegi honetan”.
Goierritarra izateaz gain, Frantziako Tourrak uztailaren 2an Goierri zeharkatuko duen etapa ere gogoan du Goiturrek, promozio turistikoari begira. Beloki ibili da, beste bi txirrindulari ohirekin batera, Euskal Herriko hasierako hiru etapak diseinatzen. “Josebari eskertu behar zaio Tourra Goierritik pasatzea”, azaldu du Goiturreko Niko Osinaldek.
Belokik, bere aldetik, sagardoa gustatzen zaiola, baina ez dela aditua esan du. Urbitarteko Demetrio Terradillosek zabaldutako ziritik lehen tragoa ontziratu ondoren, “Goierriko sagardoa” oihukatuz jo dio tragoa. Ekitaldian izan dira, baita ere, Haritz Eguren (Oiharte), Jose Antonio Olano (Olagi), Iñaki Begiristain (Begiristain) eta Aitor Esnaola (Ordizia) sagardogileak. Bihar, Goierriko Hitzan irakurri ahalko dira prestatu dituzten sagardoen ezaugarriak.
Oro har, urte lehorrak alkohol askoko sagardoak etortzea eragin du. Oso usaintsuak, kolorez kargatuagoak, tanino askokoak eta izaera gogorragokoak direla ere aurreratu dute sagardogileek. Goiturrek, bere aldetik, “etxekoak” sagardotegietara joateko herren samar dabiltzala, eta gonbita haiei egin die, batez ere: “Kanpokoak ari dira deika. Bertakoak ere joan daitezela, lagunekin, familiarekin edo gonbidatuekin egun guztiko nahiz asteburuko planak eginda”. Bertako baliabide turistikoak erabiltzeko deia ere egin du Osinaldek.