Maiatzaren 22an jokatuko da futbitoko finala
Aurtengo txapelketa 46.edizioa da, eta hamabi talde ari dira parte hartzen. Zazpi jardunaldi jokatu dituzte dagoeneko.
Aurrera jarraitzen du Beasaingo Kuadrillen arteko areto futbol txapelketak. Aurten hamabi talde parte hartzen ari dira. Zazpigarren jardunaldia gaindituta, honela daude lehenen postuak: momentu honetan, Zulo da lider (21 punturekin); bigarren da Hiruki-Osiñarte taldea (12), hirugarren da Matxi (12); laugarren, Old Boys (12), bosgarren, Bombo Murgil (10), seigarren, Badu (10); zazpigarren dago, Kilker (7); zortzigarren, Sasi (7). Gauzak dauden moduan, bigarren fasetik kanpo geratuko lirateke Rusbi Kattalin, Perku, Txester eta Kiepski taldeak. Dena den, oraindik partidak daude aurretik eta sailkapena alda daiteke; beraz, oraindik 11. jardunaldira arte itxaron beharko da.
Aurtengo txapelketa 46.edizioa da. Aritz Apaolaza antolakuntzako kidea «pozik» dago beste behin ere antolatu delako: «Betiko moduan antolatzen dugu, azken urteetan aldatu dena da, garai bateko antolatzaileek lekukoa pasa zutela, eta orain txandaka antolatzen dugula». Txapelketaren helburuei dagokienez, «kirola eginez ondo pasatzea» baina gainera, «herriko gazteak aktibatzea eta aisialdi eskaintza bat antolatzea ere bada».
Momentua baliatu du, «hurrengo urtera begira adin eta sexu ezberdinetako taldeak apuntatzera anima daitezen», beraz hortxe deia, momentuz animatu ez diren haiei.
Finala maiatzaren 22an
Txapelketak bi fase ditu; lehenengoan, hamabi taldek elkarren aurka jokatuko dute; bigarren fasean, lehen zortzi sailkatuek jokatuko dute, bi multzotan banatuko dira eta elkarren aurka jokatu beharko dute, joan-etorrian. Final erdietara multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak igaroko dira. Multzo bateko lehenak, beste multzoko biga- rrenaren aurka jokatuko du, eta hortik aterako dira, maiatzaren 22an jokatuko duten finalistak.