Goierriko Pentsiodunak, bost urte mobilizatzen
Gaur pentsio duinen aldeko elkarretaratzea egin dute Ordiziako Plaza Nagusian, eta ondoren, protesten urtemuga ospatzeko, pintxoak eta edariak izan dituzte.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 5 urte bete ditu aurten. 2018an ekin zieten Euskal Herriko hainbat tokitan pentsio duinen aldeko protestei. Goierriko Pentsiodunek ere bat egin dute urtemuga ospakizunekin. Gaur goizean, Ordiziako plaza nagusian elkartu dira, pentsio publiko duinen aldeko eta murrizketen eta pribatizazioaren aurkako aldarrikapenak egiteko. Ondoren, urteurrena ospatze aldera, pintxoak eta edariak jarri dituzte eskuragai, borondatearen truke.
Goizean irakurritako oharrean azaldu duten bezala, pentsioetan %0,25eko igoerarekin batera hasi zituzten mobilizazioak. Bost urte igaro dira ordutik, eta aurten bost urteotan lortutakoa ospatu egingo dute. “Izan ere, aurten izango dugun %8,5eko igoera, galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokak lortu du. EHPMkoek euria ari zein eguzkia izan, 230 astelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan”.
“Harro” agertu dira “bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz” eta “soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoek aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere”.
Bost urte bete ditu mugimenduak, eta beste asko betetzeko indarrarekin daude. Borrokan jarraituko dute, “mila arrazoi” baitituzte. “Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari”.
Gazteek eta adinekoek, jarduneko langileek, pentsiodunek, gizonek eta emakumeek, “eskakizun bera” dutela azpimarratu eta elkartzeko deia egin dute. “Aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea. Hala egin genuen 2020ko urtarrilaren 30eko mobilizazio orokorrean edo 2022ko azaroaren 19ko mobilizazioan, eta berriro egingo dugu pentsioen erreformaren bigarren zatiaren aurrean”.
Hurrengo astelehenean Beasainen izango da Goierriko Pentsiodunen elkarretaratzea, 11:00etan.