Haurren emozioak, sexualitatea eta bullying-a aztergai, Treba Gurasoak Programan
Lehenengo saioa 'Haurren emozioen laguntzaileak: nola zaindu seme-alaben emozioak' izango da, urtarrilaren 19an eta 26an, 17:00etatik 19:00etara.
Haurren emozioak, sexualitatea eta bullying-a aztergai izango dira Ordizian, Treba Gurasoak programaren barruan, udaleko Gazteria Departamentuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuaren laguntzarekin antolatuta. Gaur aurkeztu du udalak prestakuntza saioen programa. Iaz lau hitzaldi egin ziren Ordizian programaren barruan. Erantzun zabalaren ondoren, aurten hiru egingo dituzte. Saioak haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko baliagarriak dira gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzen baititu.
Bat tailerra izango da, eta beste biak hitzaldiak. Euskaraz izango dira. Aurrez izena ematea eskatu dute, esteka honetan edo 943 80 56 34 edo 682 171 122 zenbakietan. Hemen egitaraua:
-1. saioa. Haurren emozioen laguntzaileak: nola zaindu seme-alaben emozioak tailerra, urtarrilaren 19an eta 26an, 17:00etatik 19:00etara, D’elikatuzen, Donna Apellanizek gidatuta. Seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garrantzia nabarmentzeko eta tresna emozionalak eskuratzeko, familian sor daitezkeen arazo eta gatazken aurrean erabiltzeko, metodologia teoriko-praktikoa landuko dute. Haurren gurasoentzat da.
-2. saioa. Zer egin dezakegu gure haurrek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten hitzaldia, otsailaren 14an, 17:30etik 19:00etara, Barrenan, Eider Goiburu hezitzailearekin. Haurren gurasoentzat da.
-3.saioa. Bullying-a oinarri, Nola sortu ingurune seguruak bullying egoera minimizatzeko hitzaldia, martxoaren 23an, 18:00etatik 19:30era, Barrenan. Haur zein nerabeen gurasoentzat da.