Ordizia Igeriketak 4. postua lortu du Gipuzkoako Taldeen Kopan
Gizonezkoetan lortu dute podiumetik urrats batera geratzea. Emakumezkoetan, 10. postua lortu dute, talde oso gazte batekin.
Igeriketako Gipuzkoako Taldeen Kopa jokatu da asteburuan Irungo Azken Portu Kiroldegiko igerilekuan, bi egunez, larunbatean eta igandean. Ordizia K.E Igeriketa taldeko ia 30 igerilarik parte hartu dute txapelketan, eta emaitza onekin itzuli dira, taldeak sarean zabaldu duenez. Gizonezkoetan, 4. postua lortu dute, azken erreleboan, 4×100 estiloetan, bigarren postua lortuta. Emakumezkoetan, 10. postua lortu du Ordiziak talde oso gazte batekin.
“Taldekideen artean giro oso ona egon da asteburu osoan eta aipagarria da, igeri egin behar ez zutenek ere, txapelketan murgilduta egon direla, taldeari animatzen eta talde lana egiten”, adierazi dute.
Otsailean eta martxoan jokatuko diren Gipuzkoa zein Euskal Herriko txapelketei begira, “jarritako helburuak lortzeko entrenatzen segitzeko motibazioa” agertu du taldeak.