Segurako Aste Santuko batzordeak bilera deitu du biharko
Seguran Aste Santuko prozesioak antolatzen dituen lan taldeak bilera deitu du biharko. Batzordea berritzeko premia dagoela diote eta antolaketa lanak banatu eta ardurak hartuko dituen jendea behar dituzte. Horregatik, Seguran mendeetako tradizioa den Aste Santuko prozesioan lagundu nahi duen oro gonbidatu dute. Bilera bihar izango da, asteartea, kultur etxean 19:00etatik aurrera.
Aurten prozesioak apirilaren 6an eta 7an egingo dituzte, ohi bezala Ostegun eta Ostiral Santuarekin bat eginez. Seguran, XVII. mendean jada bazen prozesioak egiteko ohiturarik. Oraindik orain bizirik dirauen ohitura da hau, eta urtero 350 bat pertsona aritzen dira prestaketa lanetan laguntzen eta prozesioetan parte hartzen. Guztira, 10 irudi ateratzen dira prozesioan eta Paso Biziak deiturikoetan ere parte hartzaile ugari biltzen da.