Langabeziak %4,8 egin zuen iaz gora Goierrin, joeraren kontra
Abenduan urtarrilean baino 126 langabetu gehiago zeuden. Urte arteko datuak ere enplegu sorkuntzan nekea adierazi du. Lan kontratuak %18 jaitsi dira 2022an.
Ohikoa ez den arren, enplegu arloan Hego Euskal Herriko joera orokorraren bestela bukatu du urtea Goierrik. Langabeziak gora egin du 2022an zehar bailaran, eta urtea hasi zenean baino 126 langabetu gehiagorekin bukatu da. Iazko urtarrilean 2.616 lagun zeuden enplegua aurkitzeko zerrendetan, Espainiako SEPE zerbitzuaren arabera; abenduan, 2.742 lagun (%4,8ko igoera). Eta urte arteko datua ere oso antzekoa da, 2021eko abendutik (2.620 langabe): %4,6 gora.
Langabezia datu orokorrak kontrakoak utzi ditu Hegoaldeko bi administrazio eremuetan: %3,5 jaitsi zen EAEn eta %1,3 Nafarroan; Gipuzkoan, %3,6koa da urte arteko jaitsiera.
Eskualdeko herrietan, hiru udalerrik besterik ez dute hobetu egoera, urtarriletik abendura bitartekoa kontuan hartuta: Itsasondok (%16,6 behera), Ormaiztegik (%9,7 jaitsi da) eta Zegaman (%8,8 langabe gutxiago).
Gainontzeko guztietan, abenduak langabe gehiago utzi du. Proportzioan gehien Ataunen (%39), Gabirian eta Mutiloan (%33 bakoitzean), eta Seguran (%21) igo da langabezia.
Herri handienei dagokienez, Beasainen datu ezkorra nabarmendu du azken estatistikak: %10 hazi da langabezia.
Kontratuak %12 beheratu
Langabeziak gora egin duen bezala, abenduan sinatutako kontratu kopuruak behera egin du. Gipuzkoaren maila beretsuan geratu da Goierri horretan: %18,2 kontratu gutxiago sinatu ziren abenduan, urtarrilean baino.
Enplegu sorkuntzarako pareko hilabetea hartuta ere, 2021eko abenduan baino 142 kontratu gutxiago egin dira azkeneko abenduan: %12,5 behera. Jaurlaritzaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enplegu kopurua %3,1 hazi zen, 30.000 postu beteta. 2023rako, langabezia EAEn bi puntu jaisteko aurreikuspena dago: %8,3ra.
Goieki garapen agentziaren arabera, Goierri beheko langabezia tasaren azken datu ofiziala %7,6koa zen, urrian. Gizonezkoena %5,94an zegoen bitartean, emakumeen tasa nabarmen jasoagoa zen: %9,31koa.