Segurako Ondarre baserrira bisita igandean
Zegamako Anduetza Parketxeak Gaztagintza eta arkumeen sekretuak izenburupean bisita antolatu du igande honetarako Segurako Ondarre baserrian. Bisitaren helburu nagusia «baserritarren bizimodua publiko orokorrari erakustea» da Nerea Tauschke Anduetza Parketxeko hezitzaileak adierazi duenez. Baita, bide batez, «artzaintza natur parkean egiten den lanbideetako bat izanik artzainen bizimodua ezagutaraztea» ere.
Ondarre baserriko artaldean azaroa eta abendu artean jaio ziren arkumeak eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasiak dira orain. Ondarre baserrian, Goiburu familiak 200 urte baino gehiago daramatza gazta egiten eta Eneko Goiburuk, familiako artzain gazteak gaztagintzari lotutako «hainbat sekretu» erakutsiko ditu igandeko bisitan.
Bisitari Ondarre baserriko ukuiluan emango diote hasiera. Bisitariek arkumeak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute eta bazka emango diete. Ondoren, gazta egitearen prozesua azalduko du Goiburuk, eta bukatzeko, gazta ketua, ketu gabea eta gazta zaharra dastatzeko aukera izango da sagardoa eta uraz lagunduta. Gazta bakoitzaren ezaugarriak ere azalduko ditu.
Bisitan izen emateko edo informazio gehiago jasotzeko anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi edo 688 623 609 telefonora deitu daiteke. Bisitari ekiteko 11:00etan elkartuko dira Ondarren bertan.