Abiera azkarreko atleta Ataunen
Haitz Urrestarazu atleta gaztea balentria lortzeko zorian izan da. Pista estalian, 16 urtepekoen kilometroko marka haustetik hiru segundora geratu da. Ez du urte makala ondu, hala ere.
Atletismoko hamasei urtez azpikoen esparrua mugarri esanguratsua sartuta utzi nahi zuen Haitz Urrestarazu Larreak (Ataun, 2007). Kategoria horretan, pista estaliko 1.000 metroko Gipuzkoako errekorra erraustea hartu zuen erronka, abenduaren 30ean, Donostiako Belodromoan. Manuel Becerrak dauka 1980ko martxoaren 8az geroztik distantziako marka: 2.39,8. Urrestarazu balentriaren atariraino inguratu zen, baina ez zuen gainditzerik lortu. 2.42,72 minutuan osatu zuen kilometroa. Urte berrian sartuta, 18 urtez azpiko mailara igaro da, eta ez dauka aukera gehiagorik.
«Marka hautsi nahi nuen. Entrenamenduak justu horretarako egin nituen, eta prestatu ginen. Baina hiru segundogatik ez nuen hautsi. Marka ona da berez, baina agian garaia ere txarra izan da: oporrak, Gabonetako otorduak gehixeago… Gorputzak ere antzematen du hori», azaldu du Urrestarazuk.
Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatutako proban lehiatu zen Haitz Urrestarazu. Denek zeukaten errekorra begiz jota. 2007an eta 2008an jaiotako 14 atletak parte hartu zuten. 1.000 metroko proba Aaron Ceballos espainiarrak irabazi zuen (2.42,57), eta Urrestarazu bigarren 15 ehunenekora. Txindoki Jaso Atletismo Taldeko atleta da ataundarra, eta klub bereko Urko Etxebeste ere bazen Becerraren marka hausteko hautagai; laugarren 2.44,26ko denbora egin zuen hark.
Arantzarik ez
Errekor historikoa izango zatekeena mihi puntarekin ukitu badu ere, ez dio zapore garratzik. utzi. «Arantza ere ez zait geratu. Aire libreko Gipuzkoako marka haustea lortu nuen, eta, horregatik, belodromokoa hainbesteko pena ere ez da izan. Ahal bazen bai, nahi nuen, baina bestela ere ez da ezer gertatzen».
Hain zuzen, uztailean Avilesen (Asturias, Espainia) lortu zuen 1.000 metroko Gipuzkoako aire libreko 16 urtepeko marka jartzea: 2.34,56 minutu. Pista estalian marka pertsonala ezarri du behintzat, baita Txindoki klubeko 16 urtez azpikoen errekorra ere. Bada zerbait.
Distantzia berriak orain
Kategoriaz aldatuta, korrikarako probak ere aldatu zaizkio Urrestarazu. 800 metro eta 1.500 metro dituzte 18 urtez azpikoek. «3.000 metro ere egiten dut batzuetan, baina 800 eta 1.500 dira niri ondoen datozkidan distantziak». Espainiakora joateko gutxienekoak lortzea du helburu.
Kros denboraldian ere lehiatu da, urritik urtarrilera.