Artzainen ogibidea ezagutu, dastatu eta sentitzeko bisitak, Ondarren
Zegamako Anduetza Parketxeak antolatu du bisita beste urte batez. Bisita Segurako Ondarre baserrian izango da igandean. Eneko Goiburu izango da gidari bisitan zehar
Zegamako Anduetza Parketxeak Gaztagintza eta arkumeen sekretuak izenburupean bisita antolatu du igande honetarako Segurako Ondarre baserrian. Bisitaren helburu nagusia «baserritarren bizimodua publiko orokorrari erakustea» da Nerea Tauschke Anduetza Parketxeko hezitzaileak adierazi duenez. Baita «artzaintza natur parkean egiten den lanbideetako bat izanik artzainen bizimodua ezagutaraztea» ere.
Ondarre baserriko artaldean azaroa eta abendu artean jaio ziren arkumeak eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasiak dira orain. Ondarre baserrian, Goiburu familiak 200 urte baino gehiago daramatza gazta egiten eta Eneko Goiburuk, familiako artzain gazteak gaztagintzari lotutako «hainbat sekretu» erakutsiko ditu igandeko bisitan.
Arkumeak bisitako izarrak
2016an hasi ziren Anduetza Parketxea eta Ondarre baserria elkarlanean bisita hauek eskaintzen. Eneko Goiburuk adierazi duenez, beharrezkoak dira horrelako ekimenak, artzainen lanbidea eta baserritarren bizimodua balioan jartzeko bitarteko diren heinean. «Goierrin dagoeneko, gutxi dira aktiboan dauden baserriak, eta ez da erraza izaten baserrietan egiten duguna jendeari erakustea. Gazteek eta haurrek oso gutxi dakite bertan egin dugunaz», adierazi du.
Bisitari Ondarre baserriko ukuiluan emango diote hasiera. Bisitariek arkumeak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute eta bazka emango diete. «Helduagoek beste gauza batzuetan ere interesa agertzen duten arren, 5 urte bitarteko haurrei ilusio gehien egiten dien unea izaten da arkumeak ikusi eta jaten ematea», azaldu du Goiburuk. Arkume gehienak kenduta dituen arren, «oraindik 20-30 bat geratzen dira».
Ukuiluko bisitaren ondotik, gazta egitearen prozesua azalduko du Goiburuk, baita artzainek erabiltzen dituzten tresnek izandako bilakaera erakutsi ere. Bukatzeko, gazta ketua, ketu gabea eta gazta zaharra dastatzeko aukera izango da, sagardoaz eta uraz lagunduta. Gazta bakoitzaren ezaugarriak azalduko ditu Goiburuk.
Izen ematea zabalik
Bisitan izen emateko anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi edo 688 623 609 telefonora deitu behar da. Bisita 11:00etan hasiko da.