Iraia Mendia Euskadiko kros txapeldun da, maila absolutuan
Tituluak poltsikoratzen jarraitzen du Iraia Mendia Arrieta atletak (Lazkao, 2003). Igandean Euskadiko kros txapeldun izan zen, emakumezkoen maila absolutuan, Ortuellan (Bizkaia). Gizonezkoetan Urko Herran arabarrak irabazi du txapela.
Mendiak BM Bilbao Atletismo Santutxu talde berriarekin korritu zuen. 10 kilometroko luzera osatu zuten, zirkuitu lokaztuari bost itzuli emanda. Lohiak asko gogortu zuen proba. Erabateko arrakastas ondu zuen Bilbao Atletismo klubak, eta lehen metroetatik menperatu zuten lau taldekidek lasterketa-burua.
Jone Fuentekk jarri zuen erritmoa karreraren lehen zatian. Mendia, Onditz Iturbe barakaldarra eta Gurutze Frades iurretarra geratu ziren aurrean gero. Lazkaotarrak bi itzuli falta zirenean jo zuen eraso erabakigarria. 38.13 minutuan bukatu zuen krosa. Sasoi puntu ezin hobean dagoela erakutsi, eta 25 segundoko aldea zien Iturberi (bigarren) eta Fradesi (hirugarren).
Lehengo lepotik burua
Urte zaharra bukatu bezala hasi du berria Iraia Mendiak, lasterketak irabaziz. Abenduaren 31n Lazkaoko eta Ordiziako San Silvestre probak irabazi zituen. Nazioartean, berriz, abenduaren 11n Turinen (Italia) Europako taldekako kros txapeldun izan zen. 20 urtez azpikoan bederatzigarren bukatu zuen.
Pista estalian, 3.000 metroan Espainiako txapeldun izan zen iaz, eta Euskadiko 20 urtez azpiko errekorra jarri zuen han (9.47,01). 3.000 oztopoen Gipuzkoako marka jarri du (10.26,29).