Lagunkiro elkarteak adinekoei laguntzeko boluntarioak behar ditu
Lagunkiro adin nagusikoekin giza boluntariotza egiten duen elkartea da. 2020ko ekainean sortu zen. Otsailaren 7an Zuhaiztin elkartuko dira, taldearen berri emateko
Lagunkiro elkarteak boluntarioak erakartzeko kanpaina jarriko du martxan datozen asteetan. Asteartetik aurrera, etxez etxe informazio orriak banatuko dituzte. Adinekoei laguntzera eta animatzera eta gizartearekiko jarrera positiboa eta konpromisoa sustatzera bideratutako elkarte lokala da, Ordiziakoa, boluntario sare batez osatutakoa.
2020ko ekainaren 3an eratu zuten elkartea. Gaur egun 22 boluntarioko sarea dute. Gizarte zerbitzuen bidez, arlo ezberdinetan egiten dute lan: tartean, San Jose Egoitzan, Eguneko Zentroan, etxe partikularretan, Garagunean, Goazen Ordizia ekimenean edota Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin. Aurreko hilabetean, esaterako, Ordiziako 125 familiei banatu zizkieten elikagaiak.
Isidro Benitez Lagunkiroko presidenteak azaldu duenez, egunak zehaztuta dituzte jarduera bakoitza egiteko. «Egoitzara hamar bat lagun joaten gara astero. Koru bat ere badaukagu, eta ostegunetan zortzi bat lagun joaten gara haiekin abestu eta ondo pasatzera»; asteartetan, berriz, bingoan jolastera joaten dira egoitzara; eta beste astegun batean, kartetan aritzen dira.
«Gertuko harremana sortzen da, egunerokoa». Garaguneko erabiltzaileekin lagunarteko harremana sortu dute: paseoak ematen dituzte, kafea hartzen dute edo herrian zehar elkarrizketak partekatzen dituzte. Topaketa horiek, beti, lagun berarekin egiten dute boluntarioek. «Ni bertako lagun batekin 9 urte ibili izan naiz».
Boluntario bakoitzak aukeratzen du noraino lotu nahi duen elkartearekin bat egiten duenean, zer eman dezakeen eta zer ez. «Eskatzen duguna, hori bai, konpromisoa da».
Bilera deialdia
Elkarteko kideak hilabetero elkartzen dira Zuhaizti Gizarte Etxean, egindakoaz eta egingo dutenaz hitz egiteko. Boluntarioak erakartzeko kanpainaren barruan, asteartetik aurrera eskuorriak banatzeaz gain, bilera irekia egingo dute otsailaren 7an, Zuhaiztin. «Taldeko bilera irekia izango da, ekarpenak jasotzeko eta parte hartu edo informatu nahi dutenek ere bat egin dezaten». Deialdi masiboa izatea espero dute.