Naiara Elgarrestak Parisko moda ferian parte hartuko du
Naiara Elgarresta moda diseinatzaile urretxuarrak Parisko Who’s Next moda feria ospetsuan parte hartuko du. Feria larunbatetik astelehenera egingo da, Porte de Versailles erakustazokan.
Mundu osoko ekoizleak, dendariak eta banatzaileak elkartuko dira. “Maila altuko feria da eta Asiatik, adibidez, jende asko joaten da. Arropa eta osagarri markak elkartzen dira bertan. Bisitariak erostera, gauza berriak ikustera… joaten dira. Euskal Herritik Loreak Mendian ere joango da”, azaldu du Elgarrestak.
Berak Naiara Elgarresta markako poltsak eramango ditu. “New York bilduma berria erakutsiko dut, besteak beste. Hilabete batzuk barru, berriz, udako bilduma aurkeztuko dut”.
Elgarrestaren poltsak bere webgunean (naiaraelgarresta.com) eta hainbat dendatan eros daitezke: Zumarragako Laskurain, Donostiako Ainhoa Etxeberria, Irungo Saer eta Tolosako Jantzi Zure Arima dendetan, besteak beste. Berarekin harremanetan jarri nahi dutenek, bere webgunearen bitartez egin dezakete.
Elgarrestak Italian ikasi zuen eta kalitatezko poltsak egiten ditu. Hainbat pertsona ezagunek bere poltsak erabili dituzte. 2020an Itziar Ituño aktoreak Elgarrestaren poltsa bat aukeratu zuen Hil kanpaiak pelikularen aurkezpenerako eta2021ean Anne Igartiburu aurkezleak bere poltsa bat eraman zuen El Rey Leon musikalaren urteurren festara. Malena Costa modeloa eta Nuria Roca telebista aurkezlea ere Elgarrestaren poltsekin ikusi ditugu.