Turismoa Tourraren gurpilean
Goiturren Frantziako Tourraren etorrerara bideratuko du aurten sustapen turistikoa. Fitur ferian izango dira aste honetan. Pedro Delgado gonbidatuko dute maiatzean
Joseba Belokik aurreratu zuen intentzioa lehengo astean, Goierriko sagardotegien aurkezpen egunean: Tourra uztailaren 2an eskualdetik igarotzen denean, tokian tokiko ontasunak eta ondasunak «aldarrikatzea» dagokio. Goiturren antolatutako ekitaldira Euskal Herriko etapen diseinatzailea gonbidatzea ere ez da ausazkoa izan. Goierri beheko garapen turistikoko agentziak Frantziako Tourraren ufada baliatuko du 2023an, bertako baliabideak aireratzeko eta kanpoan ezagutarazteko.
Hiru joaldi nagusi egingo ditu Goiturrek, Tourrari begira, «iruditzen zaigulako Goierrirako oso promozio ona izango dela», Niko Osinalde zuzendariaren hitzetan. Lazkaon jaiotako txirrindulari ohiaren presentziarekin abiatu du, izatez, promozioaren lasterketa, lehengo ostegunean. Beste bi errelebo datoz atzetik.
Fitur azokan
Europako turismo arloko feria garrantzitsuenetakoan emango dute Goierriren berri, aste honetan. Tourraren eskutik, han ere. EAEko administrazioaren erakustokian, Grand depart edo Irteera handiaren aurkezpena egingo dute. Goierri bigarren etapan zeharkatuko du Tourrak, uztailaren 2an, igandearekin, Gasteiz-Donostia bidean (209 km). Udanatik sartu, Motxorron (Legazpi) Aztiriara hartu mendatea igotzeko, Zerainera eta Segurara jaitsi —kale barrutik igaroko da—, Idiazabaldik Ordiziaraino jarraitu, eta Zaldibiatik gora Larraitz igoko dute.
Hirugarren platera, Pedro Delgado txirrindulari ohiaren eta Espainiako telebista publikoko esatariaren etorrera izango da. «Maiatzean etorriko da, eta hiru egun pasatuko ditu gure artean. Goierriko etapa egingo du. Grabatuko da, eta bideo bat egingo dugu horrekin. Baztez ere, uztailaren 2ko etapan esatari bezala Goierrik dauzkan onura guztiak komentatzeko informazioa jasoko du», dio Osinaldek.
Tourraren webgune ofizialak ere (letour.fr) oihartzuna emango die ibilbideko ondareari eta inguruei. Etapako errepideetan zehar eta Eguneko hiriak atalak dauzka —momentuz, Gasteiz eta Donostia soilik aipatzen dira—.
Beste berritasun bat, Goierri beheko mapa turistikoaren diseinu pertsonalizatua izango da. Otsailean banatuko dute, eta Tourra igaroko den eremuetako baliabide eta zerbitzu turistikoak erakutsiko ditu atzealdean.