Asteazken Kooperatiboak jarriko ditu martxan Uggasak hilaren 25ean
Beste eskualde batzuetan garatzen diren proiektuak emango dituzte ezagutzera. Bost saio izango dira, eta arlo desberdinak jorratuko dituzte. Lehenean, kultura izango da.
UG Koop izenarekin, ekintzailetza sozial kooperatiboa landu eta eskualdeko ekosistema kooperatiboa sustatu nahi duen egitasmoa jarri du martxan Uggasak, Biziola Kooperatibarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Helburu horien lorpenerako, eta ekimena ezagutzera emateko, hainbat tailer antolatu ditu Urola Garaiko Garapen Agentziak, eta hurrengo astean jarriko ditu martxan Asteazken Kooperatiboak izenburupean.
Bost saio izango dira guztira, eta antolatzaileek azaldu dutenez, «gaurko erronkei erantzuteko ekintzailetzaren arloan sustatu nahi den ekonomia sozialaren eta kooperatiboaren balioa» dute abiapuntutzat. «Azken urteetako krisialdiek agerian utzi dute inoiz baino garrantzitsuagoa dela ditugun beharrei modu komunitarioan eta kooperatiboan erantzutea, eta hori egitera dator UG Koop egitasmoa».
Bide horri bi arlo ezberdinetan ekingo diotela zehaztu dute. Batetik, Goierri garaiko kooperatiben arteko «elkar ezagutza eta lankidetza» bultzatuko dute, eta, bestetik, herritarren interesekoak izan daitezkeen beste eskualde batzuetako proiektuak ezagutzeko aukera eskainiko dute, «hala nola, lanbide heziketara bideratutakoak, kulturgintzaren ingurukoak, elikadurarekin zerikusia dutenak, komertzio txikien ingurukoak eta basogintzakoak».
Saio horietakoren batean parte hartu nahi duenak edo informazio gehiago behar duenak, aamenabar@uggasa.eus helbidera idatzi edo 943 72 58 31 zenbakira deitu dezake.
Asteazken Kooperatiboak
Beste proiektu batzuk ezagutzera emateko saioak Asteazken Koooperatiboak izena dute, eta hurrengo astean hasiko dira. Otsailaren 22an, martxoaren 22an, apirilaren 26an eta maiatzaren 24an izango dira besteak.
Lehenengo saioa Kultura begirada kooperatibotik izango da eta hilaren 25ean izango da. 18:00tatik 19:30era, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Azpeitiko, Iruñeko eta Araialdeko (Araba) proiektu bana ezagutzeko aukera izango da, guztiak kulturarekin lotutakoak.
Azpeitiko proiektuak Kulturaz du izena, eta herrian kultura sustatzeko kooperatiba herritarra da. Kultur ikusgarritasuna, sormena eta transmisioa lantzen dute, kudeatzen dituzten Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian eta Dinamia sormen gunean.
Iruñeko Katakrak da ezagutzera emango den bigarren kooperatiba. Liburu denda, kantina, argitaletxea, ekitaldi aretoa eta kolektiboentzako topalekua da, hamasei laguneko asanblada batek gidatutakoa, eta «auzolana eta militantziaren arteko bizimodua» sustatzen du.
Hirugarren proiektua Aiaraldea Ekintzen Faktoria da. Arabako eskualde horretan komunikazioa eta euskara lantzen duen kooperatiba da, «herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaile berriak sustatzeko» helburua duena.
UG Koop egitasmoa abenduan jarri zuten martxan, ekintzailetza kooperatiboari buruz UGLEko hainbat ikasleren aurrean Farapi elkartearen gidaritzapean egindako saioarekin.