Berritze lanak amaituta Zeraingo Larraondo zerrategia bisitatu daiteke berriz
Zeraingo Larraondo zerrategia XIX. mendeko altxor arkitektoniko bat da. Hainbat hilabetez itxita egon da zaharberritze lanak direla medio —txukunketa lanak eta hainbat pieza berritzea izan dira egindako lan nagusienak—, baina berriz irekita dago dagoeneko, bisitariak bertan jasotzeko.
Zeraingo Larraondo baserrian jaiotako Higinio eta Santiago Alustiza Zabaleta anaiek eraiki zuten zerrategi hau 1890 urte inguruan. Zeraingo turismo bulegotik esan dutenez, «talentu handikoak omen ziren biak, eta erabat autodidaktak izanik multzo hidrauliko-industrial hori sortu zuten, oraindik ere Gipuzkoan industria iraultzak gorena jo ez zuen garaian». Hortaz, Larraondo XX. mende amaierako teknologien erreferentzia historikoa gaur egun.
Energia hidraulikoa
Lasurtegi errekako ura erabiliz energia hidraulikoa sortzen da, eta horri esker, zerrategia martxan jarri edo argindarra sortzea lortzen da. Erreka ondoan kokatuta egoteaz gain, inguruan ditu baserrietako larreak eta basoak. Hori horrela, bertan burutu beharreko lanak egiteko beharrezko lehengaia, egurra alegia, eskura izaten zuten: «Haritzak, intxaurrondoak, gaztainondoak, makalak, etab» erabiltzen zituzten.
1920ko hamarkadan zerrategiak su hartu zuen. Zati batean bakarrik erre zen eta zenbait tresna aprobetxatzeko moduan geratu ziren. 1960an utzi zioten Larraondon lan egiteari. 1993an egindako zaharberritze lanei esker, gaur egun berriz martxan ikusi daiteke.
Bisitetarako, turismobulegoa@zerain.eus-era idatzi edo 649 946 277 zenbakira deitu daiteke.