Eguneroko borroken bilduma
Bere laugarren liburua argitaratu zuen Ricardo Gomez (Vigo, 1970) ordiziarrak abenduan: 'Bicis, drogas, oficinas'. Memoriaren, egunerokoaren eta saiakeraren arteko nahastea da.
Ricardo Gomez (Vigo, 1970) ordiziarrak Bicis, drogas, oficinas liburua argitaratu berri du abenduan, eta aurkezpenetan dabil murgilduta hil honetan. Atzo, Bilboko Anti liburudendan aurkeztu zuen. Idatzitako aurreko hiru liburuak eleberri beltzak izan ziren, eta azken honetan beste genero bat landu du. Egunerokoa, memoria eta saiakera uztartzen ditu lanean.
Hamahiru kapitulu ditu, eta modu batera edo bestera lantzen du bakoitza. Erritmoa eleberri baten antzerakoa da, eta lehen pertsonan idatzi du. Ildo nagusia lan mundua da, eta bertan zein politikan, sindikalgintzan, musikan eta bizikleten munduan izan duen esperientziaz hitz egiten du. Izan ere, hainbat alor jorratu ditu Ricardo Gomezek bere bizitzan. Galiziatik gurasoekin inmigratu zuen Ordiziara txikitan. BNG Galiziako Bloke Nazionalistako militantea da, eta partiduko Euskal Herriko arduraduna izan zen. Metalgintzako langilea da eta sindikalista ohia. Musikari lotuta, Animese Martinez, Elurretan eta Ciclos Iturgaiz taldeetako kide izandakoa da. Bizikleta da bere pasioa.
RICARDO GOMEZ. IDAZLEA
«Gauza batzuek ukiezinak ematen dute eta horrek motibatzen nau»«Garrantzitsuak diren gauzak dira, hausnartzeko balio didatenak»
Bere bizitzako ikuspegi ezberdinak eta bizitako esperientziak bildu ditu azken lanean, ohi duen bezala, umore beltza oinarri. Jaso duen feedback-aren arabera, irakurleengan «enpatia» sortu duela azaldu du, askok egunerokoan bizi dutenaren isla baita. «Asko ireki naiz. Idazterakoan zintzoa izan behar duzu zure buruarekiko, berdin dio eleberria edo egunerokoa izan, barrukoa atera behar duzu».
Errealitatea, «bihurritu»
Aurreko liburuetan, errealitatean jazotako gertakari batzuetatik abiatuta, fikziozko istorioak kontatu ditu. Lehenengo liburua, Gooolpe de vista, 2016an argitaratu zuen. Realak eta Athletic-ek 80ko hamarkadan irabazitako ligak ditu ardatz, eta pertsonaiak liga horiek azpijokoz irabazitakoak izan zirela aurkituko du.
2018an argitaratu zuen bigarren liburua: El fin justifica los miedos. Lan munduko eta politikako benetako iruzurretan murgilduko da Jon protagonista.
Azkenik, Los Crimenes de la Vuelta 83, aldiz, 2020an argitaratu zuen. 1983ko Espainiako txirrindularitza Vueltaren bueltakoa da. Galaxia Operazioa eta Lemoizko zentral nuklearraren gatazka ere lantzen ditu, asmatutako kontakizunekin uztartuta. Errelitatea «bihurritzea» gustoko du. «Pasioa dut. Jokoa da, umore beltza. Gauza batzuek ukiezinak ematen dute eta horrek motibatzen nau. Probokatzera jokatzea gustatzen zait».
Bicis, drogas, oficinas liburuan, halere, «kontrastatutako, benetan gertatutako gertakariak agertzen dira». Ez da fikzioa, idazleak ikusi eta bizitakoak baizik. «Niretzat garrantzitsuak diren gauzak dira, hausnartzeko balio didatenak».
Jariorik ez
Beste liburuak bukatu zituenean, segituan izan zituen ondorengoak idazteko ideiak. Pandemia garaian, baina, «blokeo antzeko bat» izan zuen. «Mikel Aizpurua Ciclos Iturgaizeko nire sozioak esan zidan ‘zergatik ez duzu eguneroko moduko bat idazten?’, eta hala hasi nintzen». Pandemia katalizatzailea izan zen, eta bertatik eta bere oroitzapenetatik edan du ideiak sortzeko. Naiara Puertas kazetari eta idazleak idatzi du prologoa. «Nik bezalako umore kaustikoa du».
Goierrin salgai
Larratxan (Ordizia) eta Mirentxun (Beasain) dago salgai. Bilbon izan ondoren, hilaren 28an Madrilen aurkeztuko du.