Ezti denboraldia amaitu, eta zuhaitzena hasi da
Jon Etxeberriari agortu zaio eztia, eta feria inoiz baino lehenago utziko du denboraldi honetan. Geratzen zaizkion produktu apurrak Biziolan izango ditu salgai. Eta Sindikatuan, fruta arbolen landareak aukeran.
Urtaroak eta hilabeteak aldatuz doazen eran, Ordiziako feriako eskaintza ere aldatzen joaten da, eta produktu batzuentzat denboraldia amai- tzen denean, beste batzuentzat hasi egiten da. Atzo, Jon Etxeberriaren eztiak agur esan zuen, baina aldi berean, zuhaitz landareen denboraldia hasi zen Sindikatuan.
Berritasunik gabeko feria izan zen bestela atzokoa, eta albistea eguraldiak jarri zuen. Ordiziako kaleetaraino ez zen elurrik iritsi, baina bai baserritar batzuen etxeetara nonbait, batzuk falta zirelako. Plazan, bestalde, hotz egiten zuen, 2-4 gradu artean ibili zen termometroa goiz osoan, eta goiz erdi aldera bota zuen txingor zaparradak aterpe bila bultzatu zuen jendea plazara. Han, ohiko hiru posturen faltan, gainerako saltzaile guztiak prest, neguko produktuez beteriko eskaintzarekin.
Horietako bat Jon Etxeberria zen. Ataungo eztizale honi amaitu zaio azken udazken-neguko merkantzia, eta asteazkenetan Ordiziara joateari utziko dio, inoiz baino lehenago, gainera, beste urte batzuetan apirilera arte ere izan delako ferian. Ezti gutxiago ekoitzi zuten erleek iazko udaberri-udan, eta ondorioz, murritzagoa izan da Etxeberriaren eskaintza, baita barietateen aldetik ere.
Hala ere, denboraldiaren balantze positiboa eginez agurtu da Ordiziatik, eta geratzen zaizkion produktu apurrak aurrerantzean Lazkaoko Biziolan izango dituela salgai esanez ere bai.
Zuhaitzak, Sindikatuan
Eztia joan, eta zuhaitz landareak hasi. Badira urte pare bat feriara zuhaitz landareak saltzera etortzen ez direla, baina horiek erosi nahi dituenak baditu aukeran Plaza Nagusitik gertu dagoen Sindikatuan.
Denda horretan fruta arbolen landareak saltzen dituzte batez ere, eta orain salgai dituztenak hauek dira: abrikotondoa, almendrondoa, aranondoa, sagarrondoa, mertxikondoa, udareondoa eta arbeletxekoa (12,75 euroan bakoitza); hurritza, gaztainondoa, gereziondoa, pikondoa eta intxaurrondoa (13,25 euro); eta kiwi arbola (21,80 euro).
Perretxiko gutxi
Atzo ere oso perretxiko gutxi zeuden salgai, guztiak Mikel Lasaren postuan: hiru kilo ziza hori 38 euroan kiloa), eta sei kilo saltsa perretxiko beltz (28 euroan).