Ingurumena gelara, energiaz
Eskolako Agenda 2030 programak bi urteko lanketa hasi du. Goierriko zenbait ikastetxetan garatuko dute zazpigarren Garapen Jasangarrirako Helburua. Artelatz aholkulari etxeak hiru herritako ekimenen berri eman du.
Dagoeneko ez zaizkie arrotzak jasangarritasuna, ingurumenaren kudeaketa edota iraunkortasuna kontzeptuak Goierriko eskoletako haurrei. Urteak daramatzate ohiko jardun akademikoaren barruan ingurumena ere txertatuta. Urtea hastearekin batera, abian dira berriro Eskolako Agenda 2030 programak.
Energiari jarriko diote arreta. Urtea hastearekin batera ekin diote zenbait ikastetxek lanketari. Bi urtetako programa osatuko dute, 7 Garapen Jasangarrirako Helburu gisa Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea hartuta.
Eskolan landuko duten arren, ikastetxea dagoen herriko egoerara moldatuko dute. Artelatz Ingurumen Zerbitzuek, adibidez, Lazkaon, Itsasondon eta Zaldibian koordinatuko dituzte Eskolako Agenda 2030ak. Energia, bizitzaren motorra leloa hartu dute guztiaren laburbiltzaile modura.
LAZKAO
«Argi dago ezin dugula gaur egun daukagun kontsumo maila mantendu», aurreratu du Artelatzek. Energiaren kontsumoa, sorkuntza eta jasangarritasuna uztartuko dituzte programan. Gizartean sortu diren arazoak aztertzeaz gain, argindar gabeziak eragiten dituen kutsadurak —janaria egiteko erregai pozoitsuak, adibidez—, nahiz energia sortzeak eragiten duen kutsadura landuko dituzte.
San Benito ikastolako ikasleak horretan arituko dira ikasturtean zehar, irakasleekin eta Artelatzek jarritako materialekin baliatuta. Berritasun gisa, datorren ikasturtean abian jarriko den ekintza-plan bat diseinatuko dute aurten. «Horrela, ikasleen ahalduntzea sustatuko da, udalaren prozesuan parte aktiboa izanik».
ITSASONDO
Krisialdi energetikoa, larrialdi klimatikoa, migrazio klimatikoak, pobrezia energetikoa… Itsasondoko Herri Eskolako ikasleek hurrengo hilabeteetan behin eta berriro erabiliko dituzte kontzeptu horiek. Planetaren iraunkortasuna bermatzeko hartu beharreko norabidea eta egin beharreko pausoak dira jomuga.
Itsasondon ere ekintza-plan bat diseinatuko dute ikasleek eta irakasleek ekainera bitartean, 2023-2024 ikasturtean —programaren bigarren urtean— buru-belarri heltzeko.
ZALDIBIA
«Berandu izan baino lehen», kutsaduraren eta larrialdi klimatikoaren ondorio kaltegarriei buelta nola eman ere aztergai izango dute Eskolako Agenda 2030en biurteko langintzan. Kontsumo jasangarria, energia iturri berriztagarriak, energia subiranotasuna, desazkundea eta komunitate energetikoak «martxan jarri beharreko ideiak» direla, eta errealitate bihurtzeko garaia iritsi dela dio Artelatzek.
Zaldibiako Lardizabal herri eskolan ere, herri mailako jardueretan parte hartzeaz gain, ekintza-plana zehaztea izango dute ikasturte honetako zeregina.