Zazpi milioi eurotik gorako aurrekontua izango du Idiazabalek 2023rako
Iaz baino 3 milioi euro baino gehiago izango ditu orokorrean. Inbertsioei dagokienean, Gurutze Berri auzoko urbanizazioa da proiektu nagusia. Eraginkortasun energetikoa ere helburu
Idiazabalgo Udalak onartu du dagoeneko 2023ko behin-betiko udal aurrekontua. Guztira, 7.213.049,18 euro izango ditu. Igoera nabarmena da iazko aurrekontuarekin alderatuz gero, aurten 3 milioi euro gehiago izango baitira. Udaletik adierazi dutenez, arrazoia «aspaldi berritzeko dagoen Gurutze Berri auzoko lanetara bideratutako zenbatekoa inbertsio osoari gehitu zaiolako» da.
Hain zuzen, Gurutze Berri auzoaren urbanizazioa da, 2023ko aurrekontuan pisu gehien duen proiektua. Egin beharreko lanek 2.720.542,80 euroko aurrekontua dute. Proiektuaren %30 —830.800 euro— Erein diru laguntzen bidez ordainduko da, eta beste %7 Gipuzkoako Urak agentziak hartuko du bere gain. Gainerakoa aurreko urteetan bildutako aurrezkiekin eta kreditu bidez ordainduko da.
Irisgarritasuna hobetzeko
Herriko beste eremuetan ere irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten jarraituko du udalak. Herri gunean eta Kale Nagusian espaloiak konpontzeko 30.000 euroko partida gorde da. Gainera, Irungoenerako bidea, Komentu pareko errepidea, haur eskolako igoera eta Guardi poligonoan Aierbera doan bidean asfaltatze lanak egingo dira. 50.000 euro aurreikusi dira lan hauetarako.
Herrian eraginkortasun energetikoa hobetzea eta kontsumoa murriztea udalak 2023rako esku arten dituen helburu garrantzitsuenen artean dago eta horretarako partida garrantzitsuak erreserbatu ditu. Kiroldegiko teilatuan eguzki plakak jarriko dira (53.000 euro), herriko energia kontsumoa murrizteko argiteria led sistemara aldatuko da hainbat kaletan (330.000 euro), eta auto elektrikoen kargarako puntu bat ere jarriko da Arretxeko aparkalekuan (5.000 euro).
Lehen sektorea eta kultura
Auzotarrek beraiek udalarekin egindako bileretan egindako ekarpenak aintzat hartuta, baserri-auzoetan hobekuntza lanak egiten jarraituko dute. Hala nola, Urbizu auzoa ur-sarera konektatzeko lanak egitea aurreikusita dago, aurreko urtean bezala, aurten ere, udalak interesekoak diren lursailen erosketarekin jarraituko du; 10.000 euro gorde dira horretarako, eta beste 40.000 euro larre publikoen hobekuntza lanetarako. Auzo eta mendi bideen hobekuntza lanetarako ere partida garrantzitsua bideratuko da. Goimenen bitartez, bide bazterrak garbitzeko zerbitzura 25.000 euro bideratuko dira eta bideak konpontzera beste 30.000 euro.
Hezkuntza, kultura eta kirol alorrak ere bultzatzen jarraituko du udalak. Herri eskolan, esaterako, estalpe bat eraikiko da (80.000 euro) eta eskola inguruko sagastian aisialdirako gune bat egokituko da (40.000 euro).
Kulturari dagokionean, kultur etxe berriaren proiektua hauspotu nahi da herritarren eta kultur arloko eragileen parte hartzearekin. Hala, kultur etxea eta plaza inguruaren etorkizuneko diseinuan lanean hasteko 15.000 euro bideratuko dira. Gainera, udalak kulturaren aldeko apustu sendoa egiten jarraituko du 2023an ere. Herri bizitza indartzeko kultur eta aisialdi egitaraua bultzatzen jarraituko du, baita askotariko zerbitzu eta ikastaroak eskaintzen ere (347.000 euro). Kirol arloak bere aldetik, 147.000 euroko aurrekontua izango du.
Sektore zaurgarrienak
Gizarte politikei dagokionez, hirugarren adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei bideratutako zerbitzuak indartzen eta babesten jarraituko dute. Hala, Pilarreneako balioanitzeko zentrora eta etxez etxeko zerbitzura 464.000 euro bideratuko dira. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko zerbitzuetara, desgaitasuna duten adin txikikoentzako diru laguntzetara eta familia eskuhartzeetarako 76.000 euro gorde dituzte. Berdintasun arloak bere aldetik, 9.000 euroko diru partida izango du. Gainera, elkarteekin elkarlana bermatze aldera, 133.000 euro bideratuko dira kultura, euskara, aisialdi eta kirol arloko herriko ekimenak laguntzeko.