Biziola denda martxan da
Irekiera jendetsua izan du Lazkaon kokatu duten denda komunitarioak. Aurreneko erosketak egiteko aukera ere eduki du jendeak. Aurrerantzean, astelehentik ostiralera 13:00etaik 19:00etara zabalduko dute.
Biziola dendak ostiral arratsaldean zabaldu zituen ateak. Eratze eta antolatze prozesu luzearen ondoren, lehenbiziko erosketak egin ahal izan dira Lazkaoko Hiribarren industrialdean kokatutako dendan. Kooperatiba osatu duten 370 bazkidetatik asko, eta denda ezagutzeko denborarik galdu ez duten erosle gehiago inguratu ziren irekiera ekitaldira.
Ideia gorpuztu izanaren asebetetasunarekin zeuden Biziola dendaren arduradunak. Lau langile hartu dituzte dendarako; aurki, banaketa zerbitzuarekin ere hasiko dira. Biltegi bat bereizi dute Biziola fabrikaren nabe luzea zatikatuta, eta han bilduko dituzte Goierriko ekoizleen eta baserritarren produktuak. Asmoa herrietara, bezeroen eskuetara eta bertako elikagaiak eskaini nahi dituen denda edo saltokietara banaketa egitea da. Ataunen, auzokako proba-esperientzia bat abiarazi dute.
Oraingoz, Biziola dendan eskuratu ahalko dituzte goierritarrek jakiak. Guztira, 60 hornitzailerekin hornituko dute denda, hasieran. Horietatik 22 Goierriko ekoizleak dira: barazkiak, ogiak, esnekiak, eztia, txekor haragia, fruta… eramango dute Biziolara. Denera, oraingoz 200 produktu erreferentzia dauzkate. XXI. mendera egokitutako azoka da, azken batean; denda ere halaxe atondu eta diseinatu dute, plazako merkatua bailitzan.
“Helburu nagusia inguruko ekoizleak zaintzea da, eta dendara geroz eta gehiago ekartzea. Lantzen ari gara arlo hori, eta eskualdeko ekoizle gehiagok hornitzea nahi dugu”, azaldu du dendako kide batek.
Ostiral arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara zabaldu zuten denda, aurreneko aldiz. Jendea ugaritzen joan zen, ilundu ahala, eta ilarak ere sortu ziren ordainlekuan. 19:20 inguruan, irekierako ekitaldi xumea egin zuten. Biziola kooperatibako kide batek, hornitzaile batek (Jon Etxeberria erlezain ataundarra), dendan ariko diren bi kidek, eta bazkide batek hartu zuten hitza.
“Bizitzaren aldeko herritarren komunitatea da. Goierri burujabeagoa, iraunkorragoa, orekatuagoa izateko pausoak eman nahi ditu Biziola dendak. Eta hori komunitateari esker izango da, aldi berean”, azaldu du Amaia Aierbek.
“Komunitate” kontzeptua behin eta berriro esan zuten hizlariek. Baita “topaleku” izatearen funtzioa ere. “Hau ez da Mercadona ondoan dagoen beste eredu bateko denda; hau herritarren eta ekoizleen artean zubi-lana egingo duen proiektu bat da, amesten dugun eredu horretarako bidean akuilu izan nahi duena. Fabrika zahar bat zena, bizitzaren fabrika bihurtu nahi dugu”.
Bazkideen izenean, Eva Arrietak esan zuen “bizitza eta pertsonak erdigunean” jarriko dituen eredu bat izatea nahi dutela. “Transnazionalek inposatutako eredutik ateratzeko aukera ematen du. Gero eta bazkide gehiago izan eta gero eta elikagai gehiago etxe gehiagotara eraman, nekazari gehiago sortu ahal izango dira eskualdean”.
Aitzol Barandiaran bertsolari ataundarraren bi bertsorekin bukatu zen ekitaldia. Hauetxek kantatu zituen:
Herritarren bat ekoizleekin
herri justu baten alde,
Biziola da goierritarrak
batuko gaituen sare.
Ekonomian, elikaduran
izateko burujabe,
nahiz jaio geran gure txikitik
ta etekin asmorik gabe,
etorkizun bat irabazteko
indarrez beteta gaude.
Korronteari segi edo ez
bakarrik daude bi bide,
parte hartzea, eraldaketa
dira gure irizpide.
Eskerrik asko auzolanean
ibili zeran burkide,
eskerrik asko ekoizleari
ta eskerrik asko bazkide,
zu zera mundu hobe bat egin
leikenaren adibide.
Argazkiak: Aimar Maiz