Garinen, elurretan ere festan
Barru-giroa dago gaur Garin gainean ere, eta hartarakoxe ekitaldiak dituzte, San Sebastian jaietan. Herri bazkarian 42 lagun elkartu dira, Muñogain elkartean.
Beasaingo Garin auzoan San Sebastian jaiak ospatzen ari dira, gaur-biharretan. Biharko mendi lasterketa jendetsuaren aurretik, gaur lasaiagotik doakie jardunaldia. Herri bazkaria egiteko elkartu dira Muñogain elkartean garindarrak eta kanpoko gonbidatuak. 42 lagun joan dira oturuntzara. 14:00etan hasi dira bazkaltzen, kanpoan elur malutak erortzen hasi duen une berean.
Arratsaldean, Agurtzane eta Jon Elustondo trikitilariek girotuko dute auzoa. Goierriko herri eta auzo gehienak behin baino gehiagotan musikatu badituzte ere, Garinen lehendabiziko aldia dute erromerian legazpiarrek.
Mus eta puntu txapelketak ere jokatuko dituzte, elkartean. 17:30ean, haur jolasak egingo dituzte, pilotalekuan, eta bukatutakoan gaztaina erre jana sagardoarekin edo txokolatearekin. Elustondotarrek jarraituko dute jotzen, gautu arte.
Bihar, VIII. Mendi Lasterketa
San Sebastian jaiak borobiltzeko, bihar, igandea, Beasaingo udal txistularien txistu soinuek esnatuko dute auzoa, 10:00etan. Meza 10:30ean izango da, Beasaingo San Martingo Abesbatzarekin. 12:00etan hasiko da VIII. Garingo Mendi Lasterketa, Goierri Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria. Sari banaketarekin, 13:00etan, bukatuko dira festa-egitaraukoak.
Argazkiak: Aimar Maiz