Arrano, berriz hegaldatzera
Elkarte eta mugimendu askok bizi duten ahitze egoera eta errelebo faltaren mamua irauli, eta antolaketa, antolatzaile eta lantalde berriekin berritu dute Beasaingo Arrano Kultura taldea.
Izen, irudi eta aurpegiak freskatuta egin zuten lehengo larunbatean Beasaingo Arrano Kultura elkartearen berritasunen aurkezpena, Igartza jauregian. Berrogei urtean Beasainen euskararen eta euskal kulturaren alde aritu den Arrano Kultur Elkartearen oinarriz, ibilbidea eta ondarea ditu, baina iazko berrikuntza prozesuaren ondotik, eraberrituta jarraituko du.
Orain arteko jarduerak gogoratu eta baloratu ondoren, etorkizunean elkartearen jarduna gidatuko duten antolaketa eta lantaldeak aurkeztu dituzte. 1984an ireki zuten Arrano kultur elkartea, Oriamendi kaleko lokal batean. «Bi helburu oso argi izan ditugu, hasieratik: euskara eta euskal kultura Beasainen sustatzea, eta horretarako herriko beste eragileekin eta udalarekin harremanak lantzea», azaldu dute beteranoek.
Jende aurrean, lehen ekitaldia 1986ko ekainaren 23an egin zuten: Marimunduko dama antzerkia. 1992an aldatu zuten egoitza Kale Nagusiko gaur egungo tokira.
Lantaldeetan banatuta
Bertsolaritza, margolari lehiaketa, erakusketak, jaietako Mariren Jaitsiera eta Baserritar Eguna izan dira, besteak beste, Arranoren sorkuntzak, urteotan. Baina, lau hamarkadaren lana bizkarrean erabili dutenek, elkartean antolaketa birmoldatzeko beharraren kezka bazuten. «Lantalde bezala aurrera segitzekotan, eraberritze bat behar genuela ikusi genuen». Esan, ideiatu eta egin.
Iaz, 25 bat lagunek parte-hartze prozesu batean definitu zituzten antolaketa eta norabide berria, Farapi eta Talaios etxeek gidatuta. Oinarri batzuk zehaztu zituzten ( euskalduna, kohesionatua, ekologista, feminista eta burujabea), «ezaugarri jakin batzuetako Beasain eraiki nahi dugulako».
Hala, antolaketarako, ekintzen araberako lantaldeak bereizi dituzte, lau guztira. Ekitaldi edo ekimen jakinak antolatzeaz arduratuko dira horiek. Talde motor edo eragile batek koordinatuko ditu guztiak, urtean pare bat batzar ireki ere antolatuta.
Lau taldeak martxan dira jada. Ingurumena (hitzaldiak ekologiaz, mendi ibilaldiak, ukendu tailerrak…), Poltsikoko taldea (liburu aurkezpenak, pote filosofikoa, memegintza tailerra, bakarrizketak, antzerkiak…), Jarraipen taldea (lehendik egindako lanari jarraipena emango diona, mus txapelketa, bertso afaria, margolari lehiaketa, festetako ekitaldiak…), eta Sasoiko taldea dira (udako agenda betetzeko, Sagastigutiko parkean festa bat antolatuko dute, uztailean).
Arrano Kultura izena izango du aurrerantzean elkarteak, eta Jokin Telleriak diseinatu du ikur berria: hegan doan arranoa eta kulturaren K, uztartuta.













