Emakumeen aurkako indarkeria matxista kasu zaparradaren aurrean elkarretaratzea egin dute Beasainen
Emakumeen aurkako indarkeria ematen denerako protokoloa berrikustea eskatu dio Asmubek Beasaingo Udalari.
Azken egun eta asteetan izaten ari diren emakumeen aurkako eraso matxisten aurrean elkarretaratzea deitu du Asmubek Beasaingo Emakumeen Elkarteak, “Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez” lelopean. Beasaingo Loinazko San Martin plazan bildu dira, 12:00etan puntuan, protesta isila egiteko. Udal ordezkariek eta hainbat herritarrek ere babestu dute deialdia.
Beasaingo emakumeen elkarteak sare sozialen bidez zabaldutako deialdiaren aurrean, Beasainen edo inguruan emakumeen aurkako indarkeria kasuren bat izan dela pentsa zitekeen. Ana Asla Asmubeko ordezkariak argitu du, “azken aldian komunikabideen bidez iristen ari zaizkigu emakumeen aurkako eraso pilaren aurrean elkartu gara, iruditzen zaigulako, gertatzen ari dena oso larria dela; talde bortxaketak, sexu erasoak, jipoiak,… Egun berean lau kasu desberdinen berri ere izan dugu duela egun gutxi, eta hau ezin da denbora gehiagoz onartu!” protestatu du Aslak. Horren aurrean, “urrats bat aurrera egin behar dugula” esan du, “ezin dugu besoak gurutzatuta geratu, ezin da bakarrik data zehatzetan edo gertuko kasuen aurrean erantzun edo elkarretaratzea egin, egoeraren larritasunaren aurrean, kalera atera eta erakundeei neurriak har ditzatela eskatzeko arrazoi nahikoa baino gehiago dugu”, borobildu du Asmubeko ordezkariak.
Protokoloa berrikustea
Bide batez, Asmubek eskatu du, “emakumeen aurkako indarkeria ematen denerako protokoloa berrikustea Beasaingo Udalak”. “Garbi daukagu, indarkeria matxista etxe ondoan gertatu edo 500 kilometrora gertatu, guztion arazo bat dela eta denok egin behar diogula aurre, horregatik eskatzen dugu, edonon gertatutako emakumeen aurkako indarkeria matxista kasuen aurrean ere erantzutea”. Hala nola, elkarretaratze deialdia zabalduz.