Idiazabalen Euskal Herriko mus txapelketako kanporaketa Jon Esnaolak eta Mikel Saralegik irabazi dute
Larunbatean jokatu zuten herriko kanporaketa. Lau bikotek parte hartu zuten, eta txapeldunak igaro dira Gipuzkoako Txapelketara.
Euskal Herriko 14. Mus Txapelketaren herrikako kanporaketak hasi dira jokatzen. Goierrin, Idiazabalen izan dira goiztiarrenak. Larunbatean jokatu zuten herriko saioa, Igarondo pilotalekuko tabernan. Lau bikotek parte hartu zuten, eta muslari guztiek jaso zuten oparia, botila ardo bana.
Jon Esnaola eta Mikel Saralegi atera dira txapeldun Idiazabalen. Finalean 3 eta 2 irabazi zieten Miguel Angel Iparragirreri eta Alex Arregiri. Irabazleek, txuleta bana saritzat jasotzeaz gain, martxoaren 11n Gipuzkoako Txapelketara joateko txartela ere lortu dute. Txapeldunordeek gazta bana jaso dute.
Hirugarren Dani Oiarbide eta Xabier Intxausti, eta laugarren Marijose Iparragirre eta Javi Perez izan dira.
Euskal Herriko mus txapelketaren final handia Zornotzan (Bizkaia) jokatuko da aurten, martxoaren 25ean. Bi aste lehenago jokatuko dira zazpi herrialdeetako txapelketak, herrietatik sailkatutako muslariekin, antolakuntzak berri eman duenez.
Goierrin, beste bi saio iragarrita
Herrietako mus kanporaketen erritmoa beste urteetan baino makalago doa aurten. Idiazabalen jokatu ondoren, beste bi herritan bakarrik daude, oraingoz, musaldiak iragarrita:
- Zaldibian, otsailaren 3an, Zubi-Buru elkartean, 22:00etan. Saritan, finalistentzat afari bana izango da, Zubi-Buru elkarteak eskainita.
- Arriaranen, otsailaren 25ean, Intxaurpe elkartean 16:30ean.