San Blas jaietako egitaraua aurkeztu dute Idiazabalen
Dagoeneko hasi dute atzerako kontaketa Idiazabalen. Hiru urte eta gero San Blas jaiak normaltasunez eta murrizketarik gabe ospatzeko ez dute jada asko itxaron beharrik izango idiazabaldarrek. Ostiralean hasiko dituzte festak, Axaria otsailaren 2an jaitsiko da eta otsailaren 5ean amaitu. Bi asteburu bete prestatu dituzte, ia 30 ekitaldi izango dira, adin eta zaletasun ezberdinetako herritarrak asetzeko modukoa.
Gaur arratsaldeko 18:00etan aurkeztu dute Aloña Barandiaran kultura zinegotziak eta Jon Eskisabel kultura teknikariak jaietako programa udaletxeko areto nagusian. Udal ordezkariez gain, Adin Etxe jubilatu elkarteko, Izarretan dantzan dantza taldeko eta Idiazabalgo Krosseko ordezkariak ere izan dira aurkezpen ekitaldian Festa Batzorde osoaren izenean. Arratsaldeko ekitaldian herriko elkarte eta eragileek festen antolaketan egindako ekarpen handia eskertu eta azpimarratu dute.
Gainerakoan, sanblasetan ohikoak diren ekitaldiak ez dira faltako aurtengo egitarauan: txistulari alardea, herri krosa, txirrindulari lasterketa, haur eta helduen danborradak, goitibehera txapelketa… Baina horiez gain, musika kontzertuak, dantza emanaldiak, pilota partidak, herri kirolak, paella bazkaria eta sagardotegiko afaria, bertso saioa eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da Idiazabalen. Otorduetarako sarrerak eta jaietako zapiak dagoeneko salgai daude Izparren.
Egitaraua osorik ikusi daiteke hemen.