Xabier Berasategik Mallorcan egingo du debuta profesionaletan
Bihar hasi eta igandera bitartean ospatuko da Mallorcako Challenge-a Balear uhartean, eta Goierriko bost txirrindulari profesionaletatik hiruk parte hartuko dute bertan.
Bihar hasi eta igandera bitartean ospatuko da Mallorcako Challenge-a Balear uhartean, eta Goierriko bost txirrindulari profesionaletatik hiruk parte hartuko dute bertan. Xabier Berasategi olaberritarrarentzat debuta izango da profesional mailan Euskal-Euskadirekin. Xabier Isasa taldekidea ere bertan izango da. Alex Aranburu ezkiotarra, bere aldetik, Movistar taldearekin lehiatuko da, bera izango da, gainera, taldeko burua.
Bost lasterketek osatuko dute Mallorca Challenge-a, eguneko batek. Lasterketa bakoitza indibiduala izango da eta txirrindulari ezberdinek hartuko dute parte horietako bakoitzean. Mallorcakoa berezia izango da, zalantzarik gabe, Berasategirentzat, iazko ekainean Euskaltel-Euskadirekin fitxatu eta gero profesionaletan arituko den lehen aldia baitu hau. Aurretik lan handia egindakoa da olaberritarra. 2020an Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak eta Kantabriako Itzulia eskuratu zituen Laboral Kutxarekin, 23 urtez azpikoen mailan. Ondoren, bi urtez jarraian —2021ean eta 2022an— Euskaldun Txapelketan ere gailendu zen, besteak beste.
Aranburu taldeko liderra
Isasa urretxuarrak bigarren urtea du talde laranjan. Hamazazpi probetan hartu zuen parte iazko denboraldian, 56 lehiaketa egun denera. Nabarmentzekoak dira Andaluziako Itzuliko lehen etapan laugarren amaitu zuela, 184 kilometro ihesi ibili ostean; Alentajo eta Joaquim Agostinho itzulietan hirugarren gazterik onena izan zen; eta Euskal Herriko itzuliko Euskaltel-Euskadiko zazpikotean sartzea lortu zuen. World Tour maila goreneko bere lehen lasterketa izan zen.
Movistar taldea ere Mallorcan da, eta Aranburu ezkiotarra izango da taldeko liderra Ivan Garcia Cortina eta Max Kanterrekin batera. Guztira 22 taldek hartuko dute parte: World Tourreko zortzik, Pro Teams-eko hamarrek eta lau Kontinentalek. Probak 16:00ak aldera amaituko dira, azkena izan ezik (14:00ak). Teledeportek zuzenean eskainiko ditu bukaerak.