Brasilgo euskaldunen bila
Estebe Ormazabal Brasilen bizi izan den beasaindarrak ikerketa lan bat egin du Brasilera joan ziren euskaldunen inguruan. Nafarroa 23 estudioan hitzaldia emango du.
Historia ezezagun batera gerturatzeko proposamena egin du Joxe Mari Telleriak, Nafarroa 23 estudioan. Brasilgo euskaldunak goiburupean, hitzaldia antolatu du, Estebe Ormazabalekin. 26 urte Brasilen bizi izan da Ormazabal. Historialaria ez bada ere, irakaskuntza du ogibide, ikerketa lan zabala egin du gaiaren inguruan. 1549 urteaz geroztik, Brasilera joandako konkistatzaile, migratzaile, iheslari eta pilotarien historia jaso du, besteak beste.
«1996an joan nintzen Brasilera», hasi da kontatzen Estebe Ormazabal. Bertan, «Euskal Etxeetako jendea ezagutzeko aukera izan nuen, eta Xabier Harluxet lagunarekin batera, Brasilera joandako euskaldunen historiak jasotzen hasi nintzen» jarraitu du, «Ideia zen jasotzea zergatik joan ziren euskaldunak Brasilera, zeintzuk ziren hara joandakoak, noiz joan ziren,…», kokatu du segidan.
Lan horretan ari zirela, Arantxa Ugartetxea donostiarra ezagutu zuen, «Paulo Freireren ikaslea izan zen eta gero lankide ere bai». San Pauloko Euskal Etxearen liburu bat idatzita zuen Ugartetxeak. «Berarekin kontaktuan jarri ginen, hariari tira egin nahian». Gaiak mamia bazuela pentsatuta, «Eusko Ikaskuntzari proiektu bat aurkeztu genion, eta lana burutzeko laguntza jaso genuen».
Ormazabal bera ere, migratzaile zenez, hausnarketara ere eraman zuen aztertzen ari ziren gaiak; «zer den euskalduna izatea Brasilen edo Euskal Herritik kanpo… horretan sakontzen hasi nintzen».
Lana argitaratu ostean, gaiaren inguruan ikertzen jarraitu zuen Ormazabalek. Eusko News-en ere artikulu ugari argitaratu zituen, aurkitu zituen pertsonaien inguruan, «artistak, bale-arrantzaleak, pilotariak, hegoaldeko euskaldunak,.. denetarik aurkitu nituen».
1549 urtean iritsi zen
Artxiboetan aurkitu duen lehenengo euskalduna Brasilen, 1549an iritsi zen. Juan de Azpilikueta Navarro izan zen. Nafarra zen, Burlatakoa eta jesuita zen. «Salvador de Bahia fundatzera joan zen lehenengo mugimendu migratzaile antolatu handian parte hartu zuen, 1000 pertsonatik gora joan ziren, itsasontzietan, eta tartean jesuita talde bat zegoen, horietako bat zen Juan de Azpilikueta». Gizon «berezia eta interesgarria» deritzo.
Jose Antonio Bergaretxe da interes handia piztu dion beste eusko-brasildar bat. «Haren aita, 1800 urtean joan zen Brasilera, ardoa egiteko mahatsa eraman zuena». Semea, «Brasilen jaio zen baina 11 urte zituela Eibarrera bidali zuten euskaraz ikastera» jakin duenez. «EAJko idazkaria izan zen eta gerra zibila galtzean, Brasilera itzuli zen. Sao Paulon Eusko Alkartasuna izeneko Euskal Etxea fundatu zuen.
Hona, lagin txiki bat. Hau eta gehiago ezagutzeko aukera izango da, ostiralean, 18:00etan, Beasaingo Nafarroa 23 estudioan.