Iñaki Azurmendi Sherpai.ai aizkolari txapelketan lehiatuko da Txikiarekin
2021 urteko binakakoan, txapela jantzi zuen beasaindarrak, eta larunbatean, Zestoan, garaipena lortzen ahaleginduko da.
Sherpai.ai binakako aizkolari txapelketa nagusia jokatuko da larunbatean, hilak 28, Zestoako pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Goierriko parte hartzea izango da bertan, hain zuzen ere, Iñaki Azurmendi aizkolari beasaindarra, Txikiarekin lehiatuko da, lehen mailan. Beste hiru bikotek ere parte hartuko dute maila berean: Larrañaga eta Jauregi; Otaño eta Mujika eta Ugaitz Mugerza eta Larrea.
Promozio mailan, berriz, hiru bikote; Corchero eta Aratz Mugerza, Saralegi eta Pellejero eta Kanamares eta Olano.
Ekitaldirako sarrerak salgai daude Azpeitiako Mendizabal erretegian eta Zestoako turismo bulegoan.
Osasun larrialdian sortutakoa
2020. urtean Euskadiko Herri Kirol Federazioak txapelketa nagusia ez antolatzea erabaki zuen COVID-19 pandemia zela eta. Aizkolariek ez zuten ongi hartu erabakia eta beraiek txapelketa propioa antolatzea erabaki zuten. Sherpa enpresak babestu zuen txapelketa hori. Arrakastatsua izan zenez 2021ean jarraipena eman zitzaion eta binakako txapelketa ere antolatu zen.Urte horretan, Iker Vicenterekin batera parte hartu zuen aizkolari beasaindarrak eta baita txapela jantzi ere. Aurten ere, txapela lortzen ahaleginduko da, Txikiarekin batera.