Lau partidetatik hiru irabazi dituzte Oiangutarrek asteburuan
Asteburuan hiru partida izango dituzte. Ordiziako Beti Alai pilotalekuan bi partida jokatuko dira, eta beste bat Laudioko Aretan.
Joan den asteburuan jokatutako lau partidetatik hiru irabazi zituzten Oianguko pilotariek. Bost partida jokatu behar zituzten, baina Oiartzungo pilotari baten lesioagatik lau jokatu ziren azkenean. Larunbatean, lehen partidan, Euskal Herriko Ligako partida jokatu zuen Otegi-Etxeberria bikoteak, eta 35-23 irabazi, Adurtzako bikotearen aurka. Bigarren partida, berriz, Gipuzkoako Udaberri Txapelketakoa izan zen. Samaniego-Larrate bikoteak galdu egin zuen, 11 eta 35, Altzatarrakeko bikotearen aurka.
Igandean jokatu ziren beste bi partidak, Euskal Herriko Ligako pala motzekoak. Olaberriko udal pilotalekuan jokatutako partidan, Oiangu C-ko Berasategi-Olaran bikoteak 40-21 irabazi zuen Herriaren talde arabarreko bikotearen kontra. Oiangu B-ko Naldaiz-Andonegi bikoteak, aldiz, Bilboko Deportivon jokatu zuen, eta 35-40 irabazi zuen.
Asteburuan, hiru partida jokatuko dituzte oiangutarrek. Euskal herriko Ligako paletako jubenilek eta nagusiek, eta pala motzeko Oiangu C-koek atsedena izango dute. Ostiralean, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, 20:15ean, bi partida izango dira. Lehen partidan, Euskal Herriko Ligako pala motzeko Naldaiz-Andonegi bikoteak azpeitiarren aurka jokatuko dute, hirugarren garaipena jarraian irabazteko asmoz. Bigarrengoan, Udaberri Txapelketako partida jokatuko du Gonzalez-Samaniego bikoteak, Debakoen aurka.
Larunbatean, berriz, Oiangu A-ko Mendikoa-Letamendia bikoteak Laudioko Areta pilotalekuan jokatuko du, 10:00etan.