Leharrei lasterketarako izen-emate epea gaur zabalduko dute
Ibilbide luzeko kuota 30 euro da, eta motzekoa 25 euro. Lehenbiziko aldiz, 15 kilometroko proban 16-18 urte bitarteko gazteek ere parte hartu ahal izango dute. Gurasoen baimen sinatua aurkeztu behar dute horiek.
Martxoaren azken asteburuan jokatuko da Gabirian seigarren Leharrei mendi lasterketa. Iaz bezala, aurten ere bi luzeratako probak antolatuko dituzte: 24 kilometroko eta 1.300 metro positibodun desnibeleko luzea (trail distantzia), eta 15 kilometroko eta 800 metro desnibeleko motza (esprint mota).
Izena emateko epea gaur irekiko dute, rockthesport.com webgunean, martxoaren 18ra arte. Ibilbide luzeko kuota 30 euro da, eta motzekoa 25 euro. Lehenbiziko aldiz, 15 kilometroko proban 16-18 urte bitarteko gazteek ere parte hartu ahal izango dute. Gurasoen baimen sinatua aurkeztu behar dute horiek.
250 korrikalari bietan
Parte-hartzaile mugari dagokionez, trail proban 150 korrikalari onartuko dituzte gehienez, eta esprint modalitatean ehun.
Goierriko Kopa Trail ligako bosgarren proba baliagarria izango da Leharrei —lehengo igandean hasi zen, Garinen—. Martxoaren 25ean, larunbata, 09:30ean abiatuko dira ibilbide luzekoak, 10:00etan motzekoak.