Ordiziak 874.000 euro lortu ditu Plaza Nagusia eraberritu eta azoka dinamizatzeko
Hainbat lan lerro proposatu dituzte: estalkiaren eraikina berritzea, panel fotoboltaikoak jartzea, postuak eraberritzea, seinaletika berritzea eta azokaren erakusleiho digitala berritzea.
Ordiziak 874.000 euro lortu ditu Plaza Nagusia eraberritzeko eta azoka dinamizatzeko, Next Generation deialditik. Diru-laguntza horien hiru deialditara aurkeztu da udala, eta dagoeneko bigarren deialdiaren ebazpena jaso du. Zehazki, 874.122,40 euro lortu ditu, bertako azoka eta merkataritza garatu eta sustatzeko estrategia garatzeko.
“Izugarrizko albiste ona” dela azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. “Lan handiko hilabeteak izan dira proiektu hauetara aurkeztu ahal izateko, baina esfortzuak badu saria eta oso pozik gaude Ordiziarentzat albiste bikaina delako”. Duela hilabete inguru, Next Generation-en turismo deialditik, 2,9 milioi euro lortu zituen udalak, Ordizia, lurraldearen dastamena proiektua garatzeko, azaldu zutenez, Oiangu eraberritzeko, Oiangu baserria aterpetxe bezala egokitzeko eta Oiangu golf zaharraren eraikina balio anitzetarako harrera eraikin bezala egokitzeko. Baita D’elikatuz zentroa Goierriko bisitarien arreta gune eta Ordiziako azokaren interpretazio zentroan bilakatzeko eta Ordiziako gaztandegia birkokatzeko ere.
Gaur aurkeztu dituzte Ordiziako Plaza Nagusian bigarren deialdiko emaitzak. Plaza estaliak 100 urte beteko ditu 2025ean. Alkateak adierazi duen bezala, “azokaren estalkia ez ezik, herriko bizitzaren gunea ere bada, eta hiriguneko merkataritzaren dinamizaziorako gakoa”.
Ordiziako azoka eta merkataritza garatu eta sustatzeko estrategiarako 1.092.653 euro eskatu zituen udalak, eta horren %80 lortu du jasoko dituen 874.122,40 euroekin. Hainbat lan lerro proposatu dituzte. Plazaren estalkiaren eraikina eraberritzeko, 765.573,60 euro zehaztu dituzte aurrez;e stalkian panel fotoboltaikoak jartzeko, 97.479,68 euro; azokako elementuak modu jasangarrian eraberritzeko (postuak eraberritzea, hondakinen kudeaketa jasangarria edo informazio postuak jartzea, besteak beste), 133.000 euro; azoka, merkataritza eta ostalaritza sustatzeko eta merkataritza historia eta kultura ibilbideak adierazteko, 30.600 euro; azkenik, transformazio digitala sustatzeko (kudeaketa sistema, erakusleiho digitala, plazan WIFIa edota merkatari eta saltzaileei formazioa), 66.000 euro.