Erdi Aroko garabi baten erreplika Zumarragan
Anjel Mari Garmendiak Erdi Aroko garabi baten erreplika egin du Zumarragan. Garabiak 13 metroko altuera du eta Garmendiaren baserriaren ondotik pasatzen diren guztien ikusmina pizten du.
Zumarragako Izartxiki edo Izagirretxiki baserriaren ondotik pasatzen diren guztiak txundituta gelditzen dira. «Zer demontre da hori?», galdetzen diote bere buruari. Hori Anjel Mari Garmendiak egin duen Erdi Aroko garabi bat da.
Garmendia oso trebea da halako lanetan. Oraingo hau ez da egin duen lehen tramankulua. «2017an beste garabi bat egin nuen. Etxarrin (Nafarroa) Euskal Herriko historiari buruzko parke tematiko bat egiteko asmoa zuten eta 23 metroko harrizko dorre bat altxatu behar zuten. Dorre hori altxatzeko horrelako garabi bat behar zen. Baina egitasmoak porrot egin zuen. Amaiurren (Nafarroa) dago orain. 2019an eraman genuen».
Lagunek zirikatu egin zuten eta beste garabi bat egitea erabaki zuen. «Maketa baten argazkia erakutsi zidaten eta kalkuluak egiten hasi nintzen, denbora-pasa. Ondoren, planoak egiten hasi nintzen».
Portuetako garabia
Berak egin duen garabia bezalakoak Erdi Arokoak direla esaten da, baina Garmendiak greziarrek eta erromatarrek antzerakoak erabiltzen zituztela dio. «Harresiak, gazteluak, akueduktuak, katedralak… altxatzeko erabili ziren. Baina oraingoan egin dudana bezalakoa itsaso ondoan erabiltzen zuten gehienbat, itsasontziak kargatzeko eta deskargatzeko».
Garmendiak kalkuluak eta planoak egiten garabia eraikitzen baina denbora gehiago pasa duela dio. Ez dela lan gogorra izan dio. «Ez da lan gogorra izan. Gustura ibiltzen horrelako lanetan. Gogoa dudanean lan egiten dut eta gogorik ez dudanean ez dut lan egiten».
Garabia alertze egurrarekin egin du. «Haritzarekin eginez gero, askoz ere hobeagoa izango zen. Baina haritza garestiagoa da eta denbora gehiago behar du lehortzeko eta asentatzeko. Gainera, izeia eta alertzea oso onak dira kale gorrian egoteko. Egurrari linazi olioa eman diot babesteko, noski. Noizean behin beste kapa bat eman behar zaio».
Garabiaren funtzionamendua oso sinplea da. Ez du entxuferik edo bateriarik behar: lana egiteko prest dagoen jendea bakarrik. «Garabiko gurpilean bi edo hiru pertsona sartzen dira, normalean bi. Alde batera ibiltzen badira, soka bildu egiten da eta karga altxatu. Beste aldera begira ibiltzen badira, soka askatu egiten da, eta karga jaitsi». Gainera, garabia biratu egin daiteke. Sei metroko erradioa du.
Garabia ikusgarria da: 10,5 metroko luzera, 4,4 metroko zabalera eta 13 metroko altuera ditu. Gurpilaren diametroa 3,30 metrokoa da. Pisuari dagokionez, bost tona pasatxokoa da.
Garabiaren mekanismoak lagunduta, gurpilean sartzen diren pertsonek beraien pisua baino hamar aldiz gehiago altxatu dezakete gurpilari bueltak emanez. «Nik bakarrik, 620 kilo altxatu nituen. Sokak ez zuen aguantatu eta puskatu egin zen. 50 metroko soka bat ekarri behar dut, egungoa baino lodiagoa».
Garabiak zeresan handia eman du, Izartxikitik mendizale asko pasatzen baitira. «Hasieran, denek zertan ari nintzen galdetzen zidaten. Nik ez nien esaten zer zen. Kupelak ikusten zituzten eta sagardotegiekin lotutako zerbait zela pentsatzen zuten. Prentsa bat, adibidez. Lanak bukatu ondoren, argi eta garbi ikusten da zer den. Ez dago azalpenik eman beharrik».
Garmendiaren trebezia nabarmentzekoa da, baina harrigarria dirudien arren, ez da arotza. «Elektrikaria naiz lanbidez, baina egurrarekin lan egitea asko gustatzen zait». Izaro alabak bere aita «autodidakta eta polibalentea» dela dio.
Aitak lanean jarraitzeko asmoa duela dio. «Buruan gauza asko ditut», esan du. «Haize errota bat egin nuen behin. Izaroren txakur egoitzaren ondoan jarri nuen. Baina bide ondoan zegoen eta oso arriskutsua zen. Hegalek 40 kilometro orduko abiada hartzen zuten. Beste nonbaiten muntatzeko asmoa dut».