Europako Lanbide Heziketako ikastetxeetako ordezkariak, UGLEn
Erasmus Digischool proiektuko bazkideen nazioarteko bilera egin zen atzo UGLEn. Lanbide heziketako ikastetxeen elkartearen (HETEL) eta UGLEren gidaritzapean, Italiako, Alemaniako, Txekiar Errepublikako eta Euskal Herriko Lanbide Heziketako sei zentrotako hamar ordezkari elkartu ziren.
Digischool proiektuaren helburua hezkuntza plataforma bat garatzea eta online ikasteko materialak prestatzea da. Lanbide Heziketako irakasleei zuzendua dago. Eduki berrien bidez, irakasleek tresna digitalen ezagutza handitu eta haien erabilera hobetu ahal izango dute beraien hezkuntza jarduera osoan. Europako KA2 Erasmus+ barruan kokatzen da proiektua da, bi urteko iraupena dauka eta lehen urtea amaitu berri da.
Atzoko bisita bi zatitan banatu zen. Goizean, proiektuaren egungo egoera aurkeztu zen eta eskolako instalazioak ikusi ahal izan zituzten. Proiektuko kideek UGLE_LAB 4.0 laborategi teknologikoko errealitate birtuala ikusi eta probatu ahal izan zuten. Arratsaldean, heziketarako eduki digitalak hautatu eta sortzeari buruzko prestakuntza tailerra egin zen. Eskolatik kanpo, bisitariek Antioko ermita bisitatzeko aukera izan zuten.
UGLEren balioetako bat internalizazioa da. Bere ikasleei Europako enpresetan Erasmus+ praktikak egiteko aukera urtero eskaintzeaz gain, Lanbide Heziketarekin zerikusia duten zentro eta erakundeekin eta mundu osoko enpresekin erlazionatzen da. “Nazioarteko sare horri esker, irakasleak etengabe eguneratuta daude”, diote.