Otsailaren 10eko bertso afarira joateko sarrerak geratzen dira oraindik
Emaneurre taldeak bertso afaria antolatu du otsailaren 10erako. Sarrera batzuk geratzen dira salgai oraindik. Sugaar, Amonane eta Kirkil tabernetan erosi daitezke, 35 euroan. Tximista Sagardotegian izango da saioa, 20:30ean. Maialen Akizu eta Iker Zubeldia goierritarrek eta Joanes Ilarregi, Nerea Ibarzabal bertsolariek parte hartuko dute. Igor Egurenek jarriko ditu gaiak.
2012an antolatu zuen Emaneurrek aurreneko bertso afaria. Hamaika urte pasa dira lehenengo saio hartatik. Emaneurrek antolatutako Asteburu Kulturalaren egitarauan sartu zuten, eta afal aurretik poteoan megafonia hartuta Astotxo Kalean botatako bertsoak izan ziren ibilbidearen hasiera. Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin izan zituzten lehenengo saio hartan. 2013an ere formatu bera errepikatu zuten, German Urteaga eta Joanes Etxaide bertsolariekin.
2014an ez zuten bertso afaririk antolatu, eta bost urte geroago heldu zioten berriro. 2019an Maialen Lujanbiok, Aitor Sarriegik eta Iker Zubeldiak parte hartu zuten. 2020an, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia eta Amets Arzallus izan ziren Ordizian, eta bildutako dirua Zaporeak elkartearen bidez Lesboseko (Grezia) errefuxiatuen gunera bideratu zuten. 2021an, berriz, Iker Zubeldiak, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek parte hartu zuten.
Iaz, Saioa Alkaizak, Nerea Ibarzabalek eta Iker Zubeldiak jarri zituzten bertsoak. Aurtengoa zazpigarrena izango da.