U28 gazte langileok borrokara
Usteak uste, eta nork berak nahi duena modu aske batean egin dezakegunaren ideia saldu nahi diguten garai hauetan, errealitatea desitxuratu bat sinestarazi nahi diguten honetan, kareta guztiak erortzen hasi dira, eta errealitate modu gordin batean ageri zaigu langileoi.
Nola uler daiteke bestela, inoizko gobernu aurrerakoienak alokairuaren prezioari %2ko muga ezartzea, azken urteotan batez beste %41 igo denean? Nola uler daiteke, erregaien prezioa %50 garestitzea eta 20 zentimoko laguntza miserablea kentzea? Nola uler daiteke etxegabetzeak gelditzeko baliabideak jartzen ari direla esatea eta ondoren 21.888 etxegabetze gauzatzea? Nola uler daiteke, erosketa saskiak %14 eko igoera izatea eta aldi berean produktuei BEZa jaistea? Nola jasan behar dugu enpresarien irabaziak %21 gora egiten ikustea?
Krudelkeria honen aurrean, baliabide ugari jarri dituzte politikari profesionalen eta enpresari handien interesak defendatzeko. Gure miseria kontrolatzeko ardura hartzen du bere gain gobernuak, eta bankari eta enpresariek ofentsiba gauzatzeko baldintzak jartzen ditu.
Krisi sakon honek dakartzan ondorioak ikusi eta pairatu genitzake gaurdaino. Forma ezberdinak hartzen ditu, baina gure eskualden azken aldian gailendu diren hainbat joera azpimarratu nahi nituzke. Enpresa azpikontratetan kaleratze handiak, lan ezegonkortasuna gazte langileongan, ordaindu gabeko lan orduak, kontratu gabeko lanak, ikasi-lan (dual) prozesuan lan orduak ez ordaintzea, etxeetako emakume langileen eta jabe txikien gatazken areagotzea, ikastetxeetako irakasleen autoritarismo jarreren gorakada, ikastetxe eta kaleetan kamaren eta bestelako kontrol mekanismoen inplantazioa, poliziaren presentzia areagotzea kaleetan…
Gizarte hotzana komeni zaie agintari eta enpresari handiei. Beraz, gazte langileoi dagokigu ardura politikoz erantzutea egoera honi. Alderdi parlamentarioekiko independentzia politikoz antolatu behar gara, eta generazio berrietan borrokarako eta antolakuntzarako grina zabaldu behar dugu.
Urtarrilaren 28an GKStik antolatu ditugun mobilizazioetan parte hatzeko deia luzatu nahi nuke. Bilboko eta Iruñeko kaleak hartuko ditugu. Beharrezkoa da geroz eta langile eta generazio berri gehiago borrokara batzea.