24 etapako bizikleta-urtea
Errepideko txirrindularitzaren egutegia banatu du Gipuzkoako Federazioak. Goierrin lehen karrera Beasainen jokatuko da, martxoan. Irailera arte, guztira 24 proba daude.
Pistako denboraldia igandean bukatu orduko, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa errepideari begira jarri da. Urteko egutegia diseinatu du, kadete mailatik afizionatuetarainoko lasterketen zerrenda hilabeteka banatuta. Infantilena eta alebinena falta da oraindik, baita profesionalen Goierriko proba bakarra, Ordiziako Klasikoa, iragartzea ere.
Otsailaren 25ean Zumaian hasiko da denboraldia, eta Goierrira berehala iritsiko da, bigarren asteburuan. Martxoaren 4an, kadeteak arduratuko dira lehenbizi eskualdeko errepideak lehiaketarekin koloreztatzen, Beasaingo proban. Irailaren 16an da Gipuzkoan azkeneko lasterketa, Oñatin. Gipuzkoan 80 proba egingo dira, eta horietatik 24 Goierrin (%30).
Goi mailako sariketen puntuagarri izango dira Goierriko zenbait karrera. Emakumeen Espainiako Kopako proba bat Beasainen jokatuko da, adibidez, martxoaren 19an. Gizonezkoetan ere, Espainiako Kopako ohiko hitzordu batek ez du hutsik egingo: Legazpin maiatzaren 1ean.
Beasainen izango dute afizionatuek bailarako bigarren klasikoa, Loinatz, uztailaren 23an. Aurten ez da Espainiako Koparako baliagarria izango gizonezkoena; bai, ordea, emakumeen martxoaren 19koa.
Kadeteetan, Euskadikoa
Maila apalagoetan, UCI mailako juniorren 29. Gipuzkoako Klasikoa Ormaiztegin izango da, apirilaren 22an. Euskal Herri osoko taldeez gain, atzerrikoek ere parte hartuko dute nazioarteko proban. Beasainek ere mantenduko du nazioarteko junior proba, Beasain Klasikoa izenpean; irailaren 3an egingo dute.
Kadeteen Euskadiko Txapelketa, berriz, Seguran antolatuko dute, maiatzaren 20an. Gipuzkoako juniorren eta kadeteen taldekako erlojupeko txapelketak, ohi bezala, Legorretan izango dira, maiatzaren 27an. Egun horretan hiru karrera jokatuko dira Goierrin; bi horiekin batera, Lazkaoko afizionatuena.
Kategoriaka, Gipuzkoako txapelketak Oñatin (kadeteak, ekainak 3), Anoetan (juniorrak, ekainak 11) eta Irunen (afizionatuak, ekainak 4) dira. Erlojupekoak, berriz, taldeka Legorretan (maiatzak 27, junior eta kadeteak) eta banaka Aizarnazabalen (ekainak 13, maila guztietakoak).
Gipuzkoako Itzuliak, junior mailan, urteroko gisan Goierri bisitatuko du. Idiazabalen hasiko da aitzinetaparekin, ekainaren 23an, eta Seguran bukatuko da, 26an.
Ordiziako Probak 100.a
Emakumeek izango dute aurten Gipuzkoako itzuli bat, hiru egunekoa, uztailaren 7tik 9ra. Bi etapa Goierrin jokatuko dira, Urretxun eta Ordizian. Hirugarrena azkena, Elgoibarren.
Profesionalei dagokienez, eta Euskal Herriko Itzuliaren faltan ez du Goierri zapalduko, Frantziako Tourrak ekarriko du uztailaren 2an ikuskizuna. Ordiziako Proba izango da, ohikoan, maila goreneko hitzordua. Antolatzaileek atzo GOIERRIKO HITZAri baieztatu ziotenez, uztailaren 25ean kokatuko du Txapel Gorri elkarteak, Tourra bukatu eta bi egunera. 100. ekitaldia du.