Aizkolariak Santa Maria kalean
Santa Ana Jaiez gain, Altamira eta Oteginea auzoetan ospatzen dira festak gaur egun. Garai batean, San Pedro kalean ere ospatu ohi zituzten, zaindariaren egunean, aizkolari eta guzti.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/02/2023-02-01-p008_f02-1200x803.jpg)
Santa Ana jaiak, Ordiziako jai nagusiak, herriko festarik garrantzitsuenak dira. Baina ez dira bakarrak: Euskal Jaiak, Altamirako jaiak eta Oteginea-Majori auzoko jaiak… Aurreko mendean, San Pedro kalean ere festa izaten zen, zaindariaren egunean.
Dantzaldia, antzerkia, musika eta sua izaten dira San Juan bezpera egunean, Garagartza plazan. Bost egun geroago, ekainaren 28an, San Pedro bezperako sua izaten da leku berean. Azken urteetan dantzaldiren bat egin den arren, soilik sua pizten da normalean. Garai batean, halere, gogotik ospatzen zen San Pedro eguna, izen bera duen kalean. Santa Maria kaletik Etxezarretara doan kalea da.
Santa Marian
Herritarrak biltzen zituen festak. San Pedro kalea kale txikia denez, Santa Maria kalean izaten ziren ospakizunak. XX. mendeko argazki zahar batean ikus daitekeenez, aizkolariak ere izaten ziren. Argazkia zehazki noizkoa den ez jakin arren, Patxi Garmendia Mendigar historialariak azaldu duenez, gerraostekoa izan daiteke, bertan agertzen denagatik. Balkoietan ikurriñak daudela badirudi ere, gurutze karlista denaren itxura handiagoa du adituaren hitzetan. «Nire hipotesia da hildakoen omenezko gurutze zuri bat duela, eta azpian, X forman, gurutze karlista. Alboan Espainiako bandera agertzen da eta».
Badago garai hartakoa den susmoa ematen duen beste ezaugarri bat. Atzeko bi aizkolarien ondoan militar itxura duen pertsona bat agertzen da. «Mikelete izandakoen lana egiten zuten. Zergak kobratu eta mugetako aduanetan aritzen ziren».
Mikeleteak, Gipuzkoako poliziak ziren. Aldundiaren kontrol, diru baliabideak eta administrazio lanak egiten zituzten. 1937an desagertu ziren izen horrekin. 1936ko gerra bukatu zenean, Gipuzkoako Ekonomi Ituna deuseztatu zuten eta, era berean, Mikeleteak desegin zituzten. «Mugetako kontrol administratiboa egiten jarraitu zuten, dena den. Hori izan daiteke argazkian agertzen dena».
Nahiz eta egun San Pedro egunez jai girorik ez dagoen Ordizian, gutxienez XX. mendera arte zaindariaren eguna ospatzera irteten ziren kalera herritarrak, San Pedro eta Santa Maria kale inguruetan.