Ardi-esnearekin egindako gaztanbera, laster iritsiko den gaztaren aurrekaria
Otsaileko lehen feriak ere ez ditu berritasun asko eskaini, baina ardi gazta berriaren aurkezpena gertu dagoela erakutsi du, Amezketatik iritsitako gaztanberarekin.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/02/1675259178813-1200x1600.jpg)
Otsaileko lehen feria izan da gaurkoa Ordizian, hilaren hasierarekin bat egin duena gainera. Eguraldi aldetik hotza izan da, iluna, negua oraindik hor dagoela ez ahazteko. Eta hotza izan da, baita ere, berritasunei dagokienez, ez delako orain produktu berriak ikusteko garairik onena.
Hala ere, gaztanbera eta kanonigoak iritsi dira, bata ardi gazta berria laster hasiko dela aurreratzeko, eta bestea, negua izanda ere, baratzean ez dela atsedenik izaten gogoratzeko.
Gaztanbera, Amezketatik
Ardi esnea duela hilabete iritsi zen feriara, eta oraindik salgai du Axun Etxeberriak, litroa 2,70 euroan. Baina beste leku batzuetan lehenago zeuden hasita arkumeak jaiotzen eta ardiak esnea ematen, eta artzainak gazta egiten ere bai. Bi hilabete behar ditu ardi esnearen gaztak behar bezala onduta egoteko, eta laster izango da salgai ferian, baina bitartean, gaztanbera eskaini dute Itziar Etxeberriaren postuan, udaletxe azpian.
Josune Ormeño ari zen saltzaile lanetan postu horretan, eta gaztanbera hori Amezketako Oteiza Goikoa baserrikoa dela azaldu du. Ardi esnearen gazura da bere osagai bakarra, eta emaitza, 250 gramoko ontzietan zuen salgai, hiru euroan bakoitza.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/02/1675259392370-500x644.jpg)
Edurne Jauregi, kanonigoekin
Kanonigoak, udazken-neguko belarra
Baliarraingo Edurne Jauregik aurkeztu du eguneko beste berritasuna, kanonigoa. Udazken-neguko belar mota bat da kanonigoa, ‘ardi-mihi’ izenarekin ere ezagutzen dena eta normalean gordinik, entsaladan jaten dena. Belar horren hostoak dira, hain zuzen, jaten direnak. Jauregik sorta txikitan bilduta saldu ditu, sorta bakoitza euro batean.
Garai honetakoa da, baita ere, porrua. Duela gutxira arte baserritarrak kezkatuta zeuden barazki horrekin, zurtoinean har bat sartu eta dena pitzatu egiten zuelako. Baina nonbait, eguraldi hotza iristearekin batera, har hori desagertu da, eta porru eder askoak dituzte salgai orain, sortatan bilduta, 1,5-2 euroan sorta.
Porruaren hurrengo uztan pentsatzen hasita ere badaude batzuk, eta landare saltzaileek bitarteko porrua deitzen dena dute salgai, orain sartu eta udaberrian jateko prest egongo dena. Ehuneko sorta 4 euroan dute.
Perretxikoren faltan, San Blas opila
Gaurko feriako eskaintzak, bestalde, etzi ostirala San Blas eguna ospatzen dela gogoratzen zuen. Aurreko astean jarri zituen dagoeneko salgai San Blas opilak Maite Iturbe okinak, baina gaur goizean ere estimazio handia izan dute; bi euro balio zuen bakoitzak.
San Blas opil horrek gozatu du berriz ere feria, batez ere perretxikozaleentzat mikatza izan dena. Ez da perretxikorik izan, ez da garaia orain, eta Lasak oliotan kontserbatutako onddoak besterik ez zituen, 8,50 euroan 350 gramoko poteak, eta 4,5 euroan 250 gramokoak.