«Nortasuna eta tradizioa», bat
Loinazko San Martin eguna ospatzeko prest daude Beasainen. Larunbatean, herri kirol jaialdia izango da; igandean, Odolki Kofradiaren kapitulua eta Urbiberrikoen festa.
Loinazko San Martin eguna ospatzeko guztia prest dute Beasainen. Leire Artola alkateak «nortasuna eta tradizioa» hitzekin deskribatu du festa egun hau.
Bi eguneko egitaraua antolatu dute. Nabarmentzekoen artean, larunbatean, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa-Eusko Label Saria jokatuko dela, Egur Sport-en ekimenez, Dolarea parkean. Euria egingo balu, kiroldegiko pilotalekuan izango da. Xabier Zaldua zumarragarra arituko da, David Naredorekin batera. Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ioritz Gisasola Zelai IV bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Harrijasotzaileak ere izango dira. Tartean, Unai Etxeberria Osinalde goierritarra. 12:00etan hasiko da jaialdia eta doakoa izango da.
Kapitulua
Beasaingo Odolkiaren Kofradiak 36. kapitulua egingo du igandean. Ohorezko kofradiakide berriak izendatuko dituzte: Eli Gorrotxategi gaztagilea, Andoni Aizpuru kazetaria eta telebistako aurkezlea eta Juantxo Unanua Beasaingo kronista ohia.
Urbiberri gizarte zentroak ere egun osorako egitaraua antolatu du. Egoitzako bazkide beteranoenak omenduko dituzte, besteak beste. Maria Piris Jorge eta Casildo Arraiza Etxeberria izango dira omenduak.
EGITARAUA
Loinazko San Martin
- 09:15. Kofradien harrera eta bilkura ongietorria, ahogozagarriekin, Igartzako jauregian.
- 09:30. Goizeresi txistulari taldearen eta Musika Eskolako banda eta txistularien diana.
- 10:20. Kofradien desfilea.
- 11:00. Meza Nagusia, Andre Mari Zeruratuaren parrokian.
- 11:00. Odolki dastatze herrikoia.
- 12:00. Musika eskolako bandaren emanaldia.
- 12:00. Kofradiaren 36. kapitulua eta ohorezko kofradiakideen izendapena, Loinazko San Martin plazan. Ondoren, kofradiei hamaiketakoa emango zaie.
- 13:30. Urbiberri egoitzako bazkideentzako mokadua, zentroan.
- 14:30. Adiskidetasun bazkaria, Loinazko San Martin plaza azpian.
- 17:00. Murumendi pilota eskolako haurren pilota partidak, Gernika Pasealekuko frontoian.
- 17:00. Maria Piris Jorge eta Casildo Arraiza Etxeberriari omenaldia. Aurtzaka dantza taldeak dantza-saioa eskainiko du, Urbiberri zentroan.
- 17:30. Herriko kaleetan zehar Musika kalejira.
- 17:30. Gurea abesbatzaren emanaldia, Urbiberri zentroan.
- 18:00. Urbiberri Gizarte Zentroko Lerro dantza taldearen emanaldia. Ondoren, dantzaldi irekia, nahi duen ororentzat