Ormaiztegiko Udalak 1,6 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du
Ormaiztegiko Udalak 1.686.155 euroko aurrekontua onartu du 2023rako. 98.155 eurotan handitu da aurrekontua, iazko agintaldikoarekin alderatuz gero. Pasa den abenduaren 19an egindako ez ohiko udal batzarrean onartu zuten aurrekontua, beste zenbait gairen artean. Jon Enrike, Ormaiztegiko alkateak aurreratu duenez, batzordeetan landu zuten aurretik aurrekontu proposamena eta «aho batez onartu» zuten alderdi guztiek.
Ormaiztegiko Udalak gastu sozialera bideratutako partida eta diru laguntza guztiak igo ditu. «Kasu batzuetan bikoiztu ere bai», Enrikeren hitzetan. Hala, lehen mailako gizarte laguntzetara 73.500 euro bideratuko dira. Gainera, ezinbestekoak ez diren zergak izoztu egin dituzte, tartean Ondasun Higiezinen Gaineko zerga. Kasu honetan «egin beharreko igoera garrantzitsua» zela aitortu du alkateak, eta ez igotzeko erabakia hartu dute «herritarrei gastu handia suposatuko liekeelako». Kontrara, udalak «diru dezente» biltzeari utziko diola azpimarratu du Enrikek, baina «bizi ditugun garaiak aintzat hartuta bidezkoena zela uste izan dugu», ondorioztatu du.
Ikastetxeko berrikuntzak
Inbertsioen atalean, San Andres herri ikastetxeko berrikuntza lanak izango dute partida handiena, «inbertsioetara bideratutako ia diru guztia». 97.000 euro inguru, orotara. Bulegoak berritzea, instalakuntzak margotzea, patioa berritzea eta aldatzeko falta diren leihoak aldatzea izango dira bertan egingo dituzten lanak.
Bulegoetan, patioan eta instalazio orokorretan egin beharreko lanak izango dira lehenak, «Aste Santuko oporretan burutuko dira». Patioa berritzeko lanak guraso elkartearekin elkarlanean egingo ditu udalak. Leiho berriak, bere aldetik, uztaila eta abuztua bitartean jarriko dituzte. Hirugarren eta azken fasea izango da, «lehen solairuko atze aldeko leihoak dira aldatzeko gelditzen diren bakarrak». Gainera, baserri bideak ere konponduko dituzte (3.000 euro) eta Muxika egurastegiko obrak ere gauzatuko dira (43.428 euro).