Piriniotan bi igoera antolatu ditu Arrastaka taldeak
Mendebaldeko Pirioniotan dauden Bisaurin (2.670 metro) eta Olibon (2.482 metro) igoko dituzte. Ostegunean bilera egingo dute parte hartu nahi dutenekin
Mendebaldeko Piriniotara irteera antolatu du, Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak, otsailaren 11rako eta 12rako. Paisaia zoragarriez gozatzeko proposamena da egin dutena eta igoko dituzten mendiak, bi; Bisaurin (2.670 metro) eta Olibon (2.482 metro). Lehena, Mendebaldeko Piriniotako gailurrik garaiena da, eta hau igotzeko Arrastakak proposatzen du, ohiko igoera utzita, iparraldetik igo (Mistresa lautadatik) eta hegoaldeko aurpegitik jaistea (Foratongo lepora), ibilbide zirkularra eginez. Olibon tontorra, berriz, Bernera mendizerrako tontor nagusiena da. Igotzeko proposatzen dute, ohiko ibilbidetatik egitea. Abiapuntua, Lizarako (Huesca) aterpetxea izango da.
Aipatutako ezaugarriez gain, kontutan izan behar da ere, neguko bi igoera direla, beraz, izango diren baldintzak direla eta, derrigorrezkoa da neguko mendi igoeretan esperientzia izatea, hau da, kranpoiak eta pioleta erabiltzen jakitea, edo lehenengo mailako goi mendiko hastapeneko ikastaroa eginda edukitzea.
Informazio bilera ostegunean
Irteera honetan parte hartu nahi dutenek, osteguna, otsailak 2, 19:30ean, Arrastaka Mendi Taldearen egoitzan (Iturriotz kalean, Urbieta etxearen parean) egingo den bileran parte hartu beharko dute.