Zaintza diagnostikoaren jarraipen batzordea eratu dute Goierri garaian
Udaletako Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, Berdintasun batzordeko politikariek, Berdintasun arloko teknikariek eta Hegoaldetik Enarak enpresako kideek osatzen dute

Urola Garaia Mankomunitateak zaintza diagnostikoaren jarraipen batzordea eratu du. Aurkezpen ekitaldia emakumeen etxean izan zen, herenegun.
Jarraipen batzordea Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, mankomunitateko Berdintasun batzordeko kide politikariek, mankomunitateko Berdintasun arloko teknikariek eta Hegoaldetik Enarak kooperatibako kideek osatzen dute. Aurkezpenean izan ziren ordezkari denak.
Mankomunitateak zaintzaren diagnostikoa egin behar du, modu parte hartzailean. Batzordeak prozesuaren eta diagnostikoaren jarraipena egingo du. Berdintasun arloak Hegoaldetik Enarak kooperatibarekin garatuko du zaintzei buruzko diagnostiko parte hartzailea.
Batzordearen funtzioak
Jarraipen batzordea prozesuari zilegitasuna emateko (adierazgarriagoa eta aberasgarriagoa eginez), diagnostikoa mankomunitate osoaren erantzunkidetasunetik eraikitzeko, beste ikuspegi batzuk ezagutzeko, komunitatearen interesak zaintzeko, informazioa eta ezagutza lehen eskutik izateko eta komunitateari informazioa emateko sortu da.
Zaintza diagnostikoaren jarraipen batzordeak hainbat zeregin izango ditu. Hasteko, lau herrietako zaintzen eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko funtsezko informazioa emango du. Horretaz gain, bideratzaileei orientabideak emango dizkie. Funtsezko informatzaileak zeintzuk izan daitezkeen, adibidez.
Horretaz gain, prozesuaren bermatzaile izango da eta lau herrietako bizilagunei zaintza diagnostiko parte hartzailearen berri emango die.
Bestalde, elkarrizketen edukia, landutako gaia eta prozesu osoa ezagutzeko aukera izango du eta informazio hori eskaini ahal izango du. Bukatzeko, prozesuaren ebaluatzailea eta behatzailea izango da eta komunitatea diagnostiko parte hartzailearen prozesuan parte hartzera animatuko du.