240 igerilarik parte hartuko dute Ordizia Urpekoak Sarian
Otsailaren 11n jokatuko da Majori kiroldegiko igerilekuan. Bi jardunalditan zatituko dute txapelketa: 9:30etik 12:30era lehena, eta 16:30etik 19:00etara bigarrena.

Ordizia Urpekoak Saria otsailaren 11n jokatuko da, datorren asteko larunbatean, Ordizia K.E. Urpekoak-ek antolatuta, EHUIF Euskal Herriko Urpeko jardueren Federazioaren eta Ordiziako Udalaren babesarekin. 10. edizioa izango da. Leku ezberdinetako 240 igerilarik parte hartuko dute.
14 taldetako igerilariak izango dira: Kataluniako 3 talde, Balear Uharteetako 2, Nafarroako 2, Andaluziako 1, Valentziako 2, Euskadiko 3 eta Frantziako bat. Parte hartzaileen artean Espainiako Selekzioarekin Europa zein Munduko txapelketetara joan diren hainbat igerilari izango dira.
Bi zatitan banatuko dute txapelketa. Lehenengo jardunaldia goizean izango da, 9:30etik 12:30era, eta bigarrena, arratsaldean, 16:30etik 19:00etara. “Hegatsak erabiliz, txapelketari erritmo biziago bat ematen dion betiko igeriketarengandik aldentzen den modalitate ezberdin hau ikusteko” gonbidapena zabaldu du Ordizia K.E. Urpekoak taldeak.