Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko egunarekin bat egin dute Beasainen
Beasaingo 12 saltoki emakume zientzialarien lana balioan jartzeko helburua duen 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenera batu dira. Emakume ingeniariekin solasaldi bat izango da otsailaren 13an.

Otsailaren 11, Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna da. Egun horrekin bat egingo dute Beasainen ekintza desberdinen bidez. Batetik, Elhuyarrek, Bizilabe egitasmoaren barruan martxan jarri duen Otsailaren 11 erakusleihoak ekimenera batu dira tokiko 12 saltoki. Establezimendu bakoitzak, emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa erakutsiko dira bertan. Guztira 12 emakume omenduko dira. Gainera, zientzialariaren ikerketan inspiratuta apainduko da erakusleihoa. Horrela, merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Horrekin batera, Ginkana batean parte hartzeko aukera ere izango da; erakusleiho horietan aurki daitekeen fitxan agertzen den QR kodea eskaneatuta, emakume zientzialarien inguruko galderei erantzun beharko zaie.

Estibaliz Apellaniz Ingunza geologo bizkaitarraren fitxa dago Labores Otean. Bilatu saltoki bakoitzean dagoen fitxa // Ariane Vierbücher
Gaurtik hasita otsailaren 13ra arte, Beasaingo ondorengo saltokiak dira batu direnak: Amaia Perales elikadura eta osasuna; Argi optika; Arnedoko txokoa; Batera belardenda eta takeaway; Bilbao aseguruak; Fas Mas; Foto Alzuri; Itoiz; Kuxkux; Labores Otea; Ogiberri; eta Txomin Zubeldia. Kanpaina honetan, 218 saltokik parte hartuko dute denera. Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba eta Donostiakoak dira gainontzekoak.
Solasaldia emakume ingeniariekin
Bestetik, emakume ingeniariekin mahai-ingurua egingo da, Lemniskata zientzia sare herrikoiaren ekimenez, otsailaren 13an, Usurbe Antzokian, 10:00etatik 11:00etara.
Ingeniaritza zertan datzan, sektorean dauden lan aukera ezberdinak ezagutaraztea eta etorkizuneko erronkei begira ingeniaritzaren garrantziari buruz mintzatuko dira, hiru gonbidatuak: Uxue Ayala, CAFeko Erosketa Saileko Managerra; Laida San Sebastian, ekintzailetza teknologiko jasangarriaren arloan lan egiten du Mondragon Unibertsitatean; eta, Itxaro Sukia, Doktoretza ikaslea Mondragon Unibertsitatean (Sandwich panelen fabrikazioan lanean dabil zuntz jarraituaren 3D inprimaketaren bitartez).
Mahai ingurua Amaia Gomendiok bideratuko du, Ingeniaritza Industrialeko Masterraren koordinatzailea Mondragon Unibertsitatean.
Jarduera DBH eta batxilergoko ikasleei dago zuzenduta eta izena eman behar da.