Ormaiztegin ere erabil daiteke Mugiment txartela

Ormaiztegin ere martxan da dagoeneko Mugiment kirol txartela. Dagoeneko jakina denez, sistema honekin bat egin duten udalerriak kiroldegiak eta kirol instalazioak herritik kanpora ere erabili ahal izango dituzte —eta alderantziz—, Eusko Jaurlaritzak finantzatua. Erabilerak, ordea, muga batzuk izango ditu eta udal bakoitzak ezarritako erabilgarritasunaren araberakoa izango da. Hala, Ormaiztegin kirol txartela duten erabiltzaile guztiek sistema honetara atxikita dauden udalerri guztietako kirol instalazioak —kiroldegiak, igerilekuak eta frontoiak barne— erabili ahal izango dituzte. Eta kontrara, Mugiment txartelarekin Ormaiztegikoak ez diren erabiltzaileek ere herriko instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, inolako gastu gehigarririk ordaindu behar izan gabe.
Gaur egun 141 kirol instalaziotan erabili daiteke, Bizkaian eta Gipuzkoan. Goierrin ere, Mugiment kirol txartelera atxikita dauden udalerrien zerrenda haziz doa. Ormaiztegirekin batera, hamar dira dagoeneko guztira: Zumarraga, Legazpi, Beasain, Ordizia, Urretxu, Ataun, Ezkio, Zegama, Segura eta Ormaiztegi.