Gari Aranbarriren proiektua aukeratu dute Ars Natura egonaldirako
Gari Aranbarri (Azkoitia, 1997) artistak gauzatuko du Zerainen, Ezkio eta Itsason, eta Gabirian otsailaren 13tik martxoaren 19ra egingo den egonaldi artistikoa. Berea izan da aurkeztu diren proiektu guztien artean epaimahaiak hobekien baloratu duena. Egonaldia Ezkioko Igartubeiti baserri museoak antolatu du, Barne Begiradak izeneko proiektu zabalago baten baitan. Proiektuaren helburu nagusia landa ingurunearen kontzeptutik abiatuta, lurraldean bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketak planteatzea da.
Urtarrilaren hasieran egin zuten deialdia Igartubeiti baserri museotik eta pasa den astera arte irekita egon da proposamenak aurkezteko epea. Guztira zortzi proposamen aurkeztu dira, bakarka edo taldean. Lanik gehienak— %90— emakumeek aurkeztutakoak izan dira eta epaimahaiak aurkeztutako lan guztien kalitatea azpimarratu du.
Lehen topaketa zeraindarrekin
Egoitza artistikoak irauten duen bitartean, Aranbarrik lehen topaketa bat egingo du Zeraingo udalerriarekin —datorren astean izatea aurreikusita dagoen arren, data zehazteke dago—. Bertan, artistak landuko duen proiektuaren berri emango die zeraindarrei. Lehen hartu eman honen ondoren, proiektuaren picnic performance bat eskainiko da herrian, herritarrei zuzendutako ikastaro batekin batera. Amaitzeko, egoitzan garatutako sormen prozesuaren aurkezpena egingo da Ber(topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak izenburupean. Martxoan, Igartubeitin.