Lazkaoko hamar denda iluntzean garaizago itxiko dituzte, kontziliazioari laguntzeko
Ohi bezala 20:00etan beharrean, 19:30ean itxiko dituzte dendak; bakarren bat 19:00etan ere bai. Otsailean proba egingo dute, iaz Beasainen hasitako esperientziak zer eragin duen ikusteko.
Lazkaoko merkatariak, kontziliazioaren mesedetan, denden itxiera ordutegia aurreratzen hasi dira. Aste egunetan, iluntzean 20:00etan itxi beharrean, 19:30 arte edukiko dituzte zenbait denda zabalik. Komertzioetako langileen lana eta bizitza pertsonala bateratzeko erraztasun bat ezartzea da helburua. Otsailean proba egingo dute Lazkaon, momentuz hamar dendatan.
Beasaingo esperientzia hartu dute gidari. Beasainen iaz txertatu zuten komertzioetan Herrilab proiektua, Bareakek bultzatuta, eta haren harira aurten ere martxan jarri dute. Eta ez Beasainen bakarrik. “Beste merkatari elkarte eta herri batzuetatik kontsulta egin zuten, eta merkatarien ideia izan zen aurten beste herri batzuetara ere zabalkundea egitea”, azaldu du Goierriko eskualdeko merkataritza bulego teknikoko Eneritz Iturriotzek. Horien artean, Lazkaora iritsiko da.
Lazkaon hamar merkatarik bat egin dute esperientzia probatzeko deialdiarekin. Otsailean 19:30ean itxiko dituzte dendak, “ondoren, ondo doakien edo zer eragin izan duten ikusteko”. Lazkaon elkartearen bidez iritsi zaie informazioa eta deialdia herriko merkatariei. Proba egitea erabaki duten gehienak elkarteko kideak dira, beste pare bat bazkide ez direnak.
Emaitzarekin gustura
Helburua kontziliazioa da. “Merkataritzako ordutegia oso lotua da. 20:00etan ixteak suposatzen du atzeko lanak egin behar direla gero, eta 20:30ean atera zaitezke lanetik, azkarrenera jota. Bakoitzak erabaki du itxiera ordutegia; gehienek 19:30ean itxiko dute, batek 19:00etan. Ordu erdi hori kontziliaziorako edo nahi dutenerako har dezakete”, azaldu du Iturriotzek.
Lazkaon dendari gutxi batzuk hasita zeuden itxiera ordutegia aurreratzen, eta gehiago sartu dira orain. Hilabete honetan proba egingo dute.
Eskualdeko merkataritza bulego teknikoaren arabera, Beasainen balorazio ona egin zuten, oro har, esperientziarekin. “Ikusten badute funtzionatzen dutela lehenago itxita ere, jarraitzen dute. Hilabeteko tartean ikusi behar dute zer eragin daukan, eta horren arabera bakoitzak erabakiko du gero ordutegi horrekin jarraitu ala lehengora itzuli. Iaz, Beasainen askok mantendu egin zuten lehenago ixtea, eta urte guztian zehar aplikatu zuten; beste batzuek neguan ordutegi bat eta udan beste bat jarri zuten… Baina eragin positiboa izan zuen esperientziak”.