«Gaur egun ikus-entzunezko edukia ezinbestekoa da edozein marketin estrategiatan»
ZAP! Bideogintza proiektua abiatu du Goierrin bizi den Iñigo Zapirain ibartarrak.
Betidanik gustatu izan zait ikus-entzunezkoen eta teknologia berrien mundua. Londresen bizi nintzela ekin nion, duela 15 bat urte, euskal etxean antolatzen genituen ekitaldiak grabatu eta sare sozialetan zabaltzen. Pixkanaka, nire kabuz ikasten joan naiz. Behin Euskal Herrira itzulita, ikus-entzunezkoetara enfokatutako modulua egin nuen Donostiako ikus-entzunezko teknologia berrien zentroan eta dron pilotua izateko AESAren (aire segurtasun agentzia estatala) titulu ofiziala eskuratu nuen. Gerora, nire lanak hainbat formakuntzekin uztartu izan ditut eta azken urtean, hainbat ekoiztetxerekin lanak egin ostean, nire bidea jorratzea erabaki dut.
Dron pilotua, beraz.
Sei urte daramatzat dronak pilotatzen. Teknologia nahiko ezezaguna zen momentuan formatu nintzen pilotu bezala. Berriki legedi berrira egokitzeko ikastaroa egin dut eta drona pilotatzeko eskakizun legal guztiak eguneratu ditut.
Zer da zehazki dron bat eta zer egin daiteke beraiekin?
Drona piloturik gabeko aireontzi bat da, urrutitik kontrolatzeko gailu batez gidatzen dena. Aukera izugarriak eskaintzen dituzten gailuak dira, zer esanik ez ikus-entzunezkoen esparruan, edozein motatako lanetarako perspektiba erabat ezberdina eskaintzen du dronak, irudi ikusgarriak lortuz eta azken emaitza izugarri aberastuaz. Dronek iraultza ekarri dute argazkigintza zein bideogintzara.
Edozeinek erabili ahal ditzake?
Ez. Dronaren ezaugarrien arabera arautegia ezberdina bada ere formakuntza behar da. Bestalde, lekuaren arabera baimenak kudeatu behar izaten dira. Horregatik, berebiziko garrantzia dauka hegaldiak aurrez antolatzeak, indarrean dagoen arautegia uneoro errespetatzea eta beharrezko dokumentazioa eta aseguruak indarrean izatea.
Dron bidezko zerbitzuak kontratatu aurretik, AESAn hegaldi-operadore gisa gaitutako profesional bat kontratatzen ari zarela ziurtatzea komeni da. Dronak ez dira jostailuak, legea ez errespetatzeak arrisku egoerak ekar litzake eta horrekin batera, sekulako isunak.
Dronekin soilik egiten duzu lan?
Ez, lan bakoitzak bere tresneria eskatzen du: izan kamerak, monopieak, tripodeak, mikrofonoak, estabilizadoreak… bezero bakoitzak duen beharretara egokitzen naiz eta, beraz, proiektu bakoitzari egokien doakion materiala erabiltzen dut.
Zer motatako lanak eskaintzen dituzu?
Enpresentzako bideo korporatiboak, spotak, bideo dibulgatiboak, promozionalak, elkarrizketak, ekitaldiak, markentzako lanak, famili bideoak, haurdunaldiak, ezkontzak, jaunartzeak, jaio berriak… Aukera amaigabea da. Orain, adibidez, dokumental bat prestatzen ari gara.
Horretaz gain beste zerbitzurik eskaintzen duzu?
Sare sozialetarako marketin-plana garatzen lagundu dezaket, bezeroentzako edukia sortu eta kudeatzeko aukera eskainita. Ikus-entzunezkoan zentratzen bagara ere, dronekin bestelako lanak egin ditzakegu, hala nola, teilatuen edo sarbide zaila duten terrenoen ikuskapenak.
Nori zuzendutako zerbitzua da?
Aurrekontu guztietarako eta beraz edonori zuzendutako bideo zerbitzu integrala eskaini nahi nuke. Goranzko joera duen komunikazio tresna hau denen eskura egon dadin, komertzio, negozio txiki edo independenteak diren profesionalentzat low cost eskaintza batetik hasi eta enpresa handiek izan ditzaketen beharrak asetzeraino.
Zer eskaini diezaiokezu negozio bati, adibidez?
Ikusgarritasuna. Ikus-entzunezko edukiek interes handiagoa sortzen dute erabiltzaileengan, garunak informazio bisuala azkarrago eta errazago sintetizatzen duelako, gainera, edukiak partekatzeko erraztasunak hedapena errazten du, biral bihurtzeraino.
Bideoak irudi estatikoak eta testuak baino erakarpen handiagoa du eta, beraz, komunikazio estrategia eraginkor baterako ezinbesteko tresna da.
Eta zer norbanako bati?
Oroitzapen goxo bat gordetzeko aukera, izan ezkontza egunaren laburpen bideo batekin, izan urteurren berezi bat edo familiako erreportaje polit batekin.
Nola jarri daiteke jendea zurekin harremanetan?
ZAP@bideogintza.eus helbidera idatziaz edo 688 60 72 96 telefonora deituaz. Instagramen ere jarraitu nazakezue. Webgunea ere laster izango da martxan.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi nuke, konfiantzazkoa eta gertukoa, honetarako edozein ideia edo proposamen aztertu eta garatuz, edo kontrara, ideiak hutsetik sortzen lagunduz, azken emaitzarekin bezeroa erabat pozik geratu arte.